GLP-1 errezeptorearen agonistak, diabetesa eta obesitatea tratatzeko erabiltzen direnak, zenbait substantzien adikzioak tratatzeko eta prebenitzeko ere eraginkorrak izan daitezkeela iradoki dute Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek. Substantzia horien artean daude, besteak beste, alkohola, nikotina, kalamua eta opiodeak.
Lehendik ere, diabetesa tratatzeko semaglutida eta tirzepatida hartzen zuten pazienteetan ikusi izan dute aipatutako substantzia adiktiboak kontsumitzeko gogoa apaldu egiten dela. Are gehiago, erlazioa ikusi da GLP-1en agonistak hartzearen eta ospitaleratzeen jaitsieraren artean, bai alkoholarekin lotuta, bai opioide-gaindosiengatik.
Hori ikusita, ikertzaileek jakin nahi izan dute diabetesaren kontrako botika horiek mekanismo bera erabiltzen ote duten adikzio guztietan, substantzia edozein izanda ere, baita bat baino kontsumitzen dutenetan ere.
«erlazioa ikusi da GLP-1en agonistak hartzearen eta ospitaleratzeen jaitsieraren artean, bai alkoholarekin lotuta, bai opioide-gaindosiengatik»
Izan ere, azaldu dutenez, normalean tratamenduak substantzia bakoitzerako berariazkoak dira; esaterako, nikotina-txaplatak baliagarriak dira tabako-adikzioa tratatzeko, baina ez alkoholarena. Aitzitik, GLP-1en agonisten ondorioek iradokitzen dute kontsumitzeko gogoan eragiten dutela. Hori frogatuz gero, agian eraginkorrak izango lirateke substantzia bati baino gehiagorekiko adikzioak tratatzeko.
Diferentziak agerian
Hala, ikertzaileek 2-motako diabetesa duten 600.000 beterano baino gehiagoren datuak bildu dituzte, botika-tratamendua hasi eta 3 urteko epean. Bi talde bereizi dituzte: GLP-1en agonistak (semaglutida, liraglutida eta dulaglutida) hartzen dituztenak, eta beste era bateko botika bat hartzen dutenak, SGLT2-inhibitzailea.
Hiru urteko epe horretan begiratu zuten zein hasi zen kontsumitzen substantzia adiktiboren bat (alkohola, kanabisa, koakina, nikotina, opiodeak…), eta, lehendik kontsumitzen zutenetik, zeintzuk behar izan zuten larrialdiko-arreta, ospitaleratuak izan ziren, hil ziren edo bere buruaz beste egiten saiatu ziren.
Frogatu dute, GLP-1en agonistak hartu zituztenek % 14 arrisku txikiagoa izan zutela substantzia adiktiboak kontsumitzen hasteko. Diferentzia bereziki nabarmena zen alkoholaren kasuan (% 18), kokaina eta nikotinarenean (%20) eta opiodeenean (% 25).
«Gaindosi-arriskua, adibidez, % 40 txikiagoa izan zen, eta heriotzarena, % 50.»
Lehendik kontsumitzen zutenen artean, GLP-1en agonistak hartu zituztenek larrialdi, ospitaleratze eta heriotza gutxiago izan zituzten, kontsumoari lotuta. Gaindosi-arriskua, adibidez, % 40 txikiagoa izan zen, eta heriotzarena, % 50.
Populazio orokorrean milioika estatubatuarrek hartzen dituztenez GLP-1en agonistak, ikertzaileek iragarri dute eragin handia izan dezaketela substantzia adiktiboen kontsumoari lotutako ondorioetan.
Adikzioen prebentzioan eta tratamenduan erabiltzeko, berariazko saio klinikoak egin behar direla ohartarazi dute, baina uste dute bide bat ireki dezaketela, adikzioen erro biologikoan eragiteko.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



