}

Gizonezkoen kromosoma

2003/06/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Aspaldidanik ikertu nahi izan da gizonaren ezaugarri sexualak gordetzen dituen kromosoma, eta aste honetan argitaratu dira ikerketa horren emaitza interesgarri asko. Itxarotea merezi izan du. Kromosoma bera da misteriotsua, bai eta ikerketaren emaitzak ere.

"Genoma osoaren historiaz gain, kromosoma bakoitzak badu zer kontatu" idatzi du Huntington F. Willard biologo estatubatuarrak Nature aldizkarirako iruzkin batean. Baieztapen oso egokia da Y kromosomaren kasuan, haren sekuentzietan eboluzioaren aztarnak igar daitezkeelako.

Ugalketa sexuala garatu zenean, kromosoma-pare bat horri erantzuteko 'egokitu' zen, eta moldaketa horren arrastoak kromosoma horietan gelditu dira. Gainera bi kromosoma horietako batek eboluzionatu egin zuen, eta, ondorioz, Y kromosoma sortu zen. Ordutik, kromosoma horrek arraren ezaugarriak kodetzen ditu. Emeek, berriz, ez dute Y kromosomarik.

Estatu Batuetako eta Herbehereetako biokimikari-talde batzuek, elkarlanean, kromosoma horren zati bat aukeratu dute ikerketarako. Kromosoma osoa aztertu beharrean, eukromatina aukeratu dute, gene gehien kodifikatzen dituen zatia, alegia. Kromosomaren beste zatiek askotan errepikatzen diren DNAren puskak dituzte, eta, ustez, ez dute ezer kodetzen.

Lan astuna

Hasieran, zientzialariek ez zuten arrazoirik lana zaila izango zela pentsatzeko, baina, azterketak aurrera egin ahala, asko zaildu zen. Alde batetik, elkarrekiko erlazioa duten zati asko aurkitu dituzte, eta, beste alde batetik, DNAren zati palindromo asko zeuden, hau da, DNAren bi harizpietan berdin irakurtzen diren sekuentziak.

Palindromo horiek 3 milioi base-pareko sekuentzia osatzen dute. Beraz, sekuentzia irakurtzeko erabiltzen duten metodoa kontuan hartuta, erraz ulertzen da lan astuna dela: lehenik, DNA puskatu egiten da, gero puska bakoitzaren sekuentzia irakurri eta, azkenik, informazio hori guztia ordenatu behar da jatorrizkoaren segida osoa osatzeko. Azken urratsean, ordenagailuz ordenatzen dituzte irakurritako puskak, eta, hala ere, zati handi bat 'DNA palindromikoak' osatzen duenez, oso zaila da sekuentzia zehaztasunez bukatzea.

Iraganaren oihartzuna

Zertarako balio dute hain sekuentzia luze eta nahasgarriek kromosoman? Biokimikariek erantzun bat proposatu dute galdera horrentzat. Garai batean, ugaltzeko prozesuan,
sexu-kromosomek artean elkarrekin trukatzen zituzten DNAren zatiak; horri errekonbinazio deritzo. Bi kromosomak berdinak zirenez, material guztiaren bi kopia zeuden, eta kopia batean gertatzen zen edozein akats beste kopiaren erreferentziarekin konpontzen zen, errekonbinazioaren bitartez.

Baina Y kromosoma ezberdin bilakatu zenean, bi kromosomen arteko errekonbinazioa desagertu egin zen; horren ordez, material genetikoa Y kromosomaren besoen artean geratu zen. Geneen bi kopiak kromosoma beraren barruan zeuden, beso banatan, eta horregatik, errekonbinazioa, kromosomen artekoa izan beharrean, bakar baten barruko prozesu bilakatu zen. Ideia hori hipotesia zen, baina zentzuduna.

Hipotesi hori baieztatzeko saioak egin dituzte biokimikariek, eta emaitza harrigarriak lortu dituzte. Beso bateko gene baten sekuentziak beste besoaren kopian eraldaketak eragin ditzake; gainera, prozesu hori zati palindromoak izateak errazten du, hain zuzen ere.

Biokimikarien ustez, Y kromosoman ez ezik, prozesu horiek beste kromosometan ere gertatzen dira, horietan ere badaudelako zati palindromoak eta bikoiztutako materiala. Beharbada, genoma uste baino askoz dinamikoagoa da, eta akatsak ez izateko kontrola uste baino zorrotzagoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia