}

Gizakumea eboluzioaren helburua ote?

1994/11/01 Martinez Lizarduikoa, Alfontso Iturria: Elhuyar aldizkaria

Britainar Columbian, Kanadako mendialdean, 1909. urtean, Kanbriar aldiko (orain dela 570-500 milioi urteko) oso fosil bitxiak aurkitu ziren. Fosil horiek garai urrun haietan (orain dela 550 milioi urte) itsasoan bizi ziren animalien berri ematen digute. Kanbriarreko lehen garaian zer gertatu zen jakiteko ditugun lekuko bakarrak dira, eta guztiz garrantzitsuak, bi arrazoirengatik batez ere.

Batetik, geroko eboluzioaz sortuko zituzten animalia guztien arbasoak direlako. Bestetik, fosil horiek haragizkoak direlako (artean, eboluzioan, bizkarrezurrak eta oskolak sortu gabe zeuden) eta ikuspuntu horretatik paleontologiako mirari gisa ikus daitezke. Gogora dezagun erregistro fosilaren ia informazio osoa animalien zati gogorretan oinarritu izan dela; besteek (ornogabeek) fosilizazio-prozesua burutzea oso zaila baita.

Hasieran inork ez zuen pentsatu fosil haietan zegoen iraultzaz, baina harez gero pasatako denborak, eta sakon aztertu ondoren, ez dago zalantzarik: Darwinek eboluzio teoria sortu zuenetik, nonbait, aurkikuntza paleontologiko garrantzitsuena da.

Burgess Shale-ko (horrela du izena) fosil-harrobiak, Kanbriarrean, Lurreko itsasoetan 40 phyla (gero etorriko zen biziaren oinarrizko diseinuak, alegia) bazirela adierazten digu. Diseinu horien artean gaur egun ezagutzen ditugun 20 phylak zeuden, baina baita beste hogeiren bat paleontologoentzat guztiz ezezagun eta gero biziaren eboluzioan guztiz ezkutatu zirenak ere. Gure mundutik desagertutako diseinu berezi horiek ikasi ahal izan ditugu Burgess Shaleko fosil miresgarrietan, eta baita haietan zeuden ezaugarri guztiz berriak ere; egungo bizidunengan aurkitzen ez ditugunak, hain zuzen.

Eta oso bitxiak izateaz gain, animalia berezi horiek egun bizirik irauten dutenekin alderaturik bizirik mantentzeko okerrago moldaturik ez zeudela konturatu gara, harrigarriro. Bere ingurugiroan aztertu ondoren, paleontologoen ustez, haietako edozeinek aurrera egin zezakeen biziaren eboluzio-zuhaitzean, gaurdaino bere burua bizirik iraun eta eboluzionatuz. Stephen Gould paleontologo ospetsuak dioenez, “Berriro ere Kanbriar aldian bageunde eta eboluzioak bere bidea errepikatzeko aukera izango balu, seguruenik, orain arte izan diren eboluzio-bideak ez lirateke errepikatuko. Gure munduan ez litzateke, seguruenik, labezomorrorik, eltxorik edo eulirik, erlerik eta gaur ezagutzen ditugun loreen edertasunik egongo. Beste planeta bizidun guztiz desberdina ikusteko aukera izango genuke”.

Aurkikuntza paleontologiko honek beste ideia iraultzaile bat sortarazten du. Eboluzioa berriro errepikatzekotan, seguruenik, gaur egun ezagutzen ditugun gizakumeak ez lirateke izango. Adimena sortuz gero, oinarrizko beste egitura (phyla) batetik sortuko litzateke; gurekiko guztiz desberdinetik. Honenbestez Darwinen teoriaren alderdi iraultzaileenera heldu gara. Eboluzioak ez du nahitaezko helburu bat.

Eboluzioak egoera fisiko-kimiko-geologiko-ekologikoaren arabera erantzun jakin batzuk ematen ditu, eta eboluzioan bide posible guztiak betetzen saiatuko da. Unibertsoko leku desberdin eta egoera guztiz desberdinetan izaten diren aukerak mugagabeak dira (egungo astrofisikak eta kosmologiak diotenez), baina guretzat oraingoz asaldagarriena izan daitekeena “gure” etxetxo (Lur) maitean ere biziarentzat eta adimenarentzat autobide desberdinak egon daitezkeela jakitea da, eta gu sortu bagara kontingentziaren ondorioz izan da. Gainera, pelikula errepikatuko balitz seguruenik ez ginateke hemen berriro agertuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia