Gizakiek duela 400.000 urte bazekiten sua egiten, Erresuma Batuan aurkitutako arrasto batzuekin ondorioztatu dutenez. Erretako sedimentuek, pirita-zatiek eta suarekin pitzatutako silexezko aurpegibikoek iradokitzen dute garai hartan han egon ziren gizakiek sua egiten zutela. Orain arte ezagutzen ziren horren ebidentzia zaharrenak duela 50.000 urtekoak dira.
Gizakiek sua erabiltzen zutela erakusten duten lehen zantzuak duela milioi bat urte baino gehiagokoak dira. Baina, ziur aski, naturalki sortutako suak hartu eta mantentzen zituzten hasieran. Sua sortzen noiz ikasi zuten jakitea, ordea, erronka handia da, ez baita erraza sua nahita sortzen zutela frogatzea. Orain arte ezagutzen zen ebidentziarik zaharrena duela 50.000 urtekoa da: Frantzian, neandertalen aztarnategi batean aurkitutako pirita-zatiak eta, ustez, haietatik txinpartak aterarazteko izan zitezkeen silexezko aurpegibikoak.
Beroak eragindako markak dituen silexezko aurpegibiko bat, Barnhamen aurkitua. Arg: Jordan Mansfield, Pathways to Ancient Britain Project.
Orain, antzeko frogak aurkitu dituzte Barnhamen, Ingalaterrako ekialdean; baina, kasu honetan, duela 415.000 urtekoak dira (seguruenik neandertalenak horiek ere). Froga garrantzitsuena bi pirita-zati dira. Izan ere, mineral hori silexezko harriekin kolpatzean sua pizteko moduko txinpartak sor daitezke. Horregatik, pirita-zati horiek agertu izanak iradokitzen du ezagutzen zutela piritaren propietate hori, eta bazekitela sua egiten. Gainera, mineral hori ez da batera ohikoa eskualde horretan, eta egileek uste dute litekeena dela apropos eramana izatea, sua egiteko.
Bestalde, beroak eragindako markak dituzten silexezko aurpegibikoak ere topatu dituzte. Eta suak erretako sedimentuei egindako proba geokimikoek erakutsi dute 700 ºC-tik gora berotuak izan zirela, behin eta berriz.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia







