Elhuyar zientziaren komunikazioa

Gizakiaren aztarna

2004/02/08 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zenbateraino ari da gizakia Lurra hondatzen? Jasango du ingurumenak daukagun ustiatze-maila? Galdera horiei erantzutea posible da aztarna ekologikoari esker. Izan ere, tresna honen bidez bizimodu modernoak naturan duen eragina kalkulatzen da.

Munduko azken muturreraino ere heltzen da gizakia.

Goizean iratzargailuak jotakoan esnatzen gara, argia piztu, jaiki eta ur beroarekin dutxatzen gara; arropa garbiak jantzita, kafesne eder bat gosaldu eta autoz joaten gara lanera. Baina pentsatu dugu inoiz gure eguneroko bizimoduan erabiltzen ditugun arropa, janaria, argindarra, ura edo erregaiak nondik datozen?

Gaur egungo umeek nekez lotzen omen dute hozkailu barnean tetrabrik txukunean dagoen esnea behiarekin. Eta ez dira umeak inguratzen gaituzten tresnak eta materialak naturarekin zerikusirik ez dutela uste duten bakarrak; gauzak ezerezetik aterako balira bezala. Produkturik gehienak industrian ekoizten dira, noski, baina lantegiek ez al dute, bada, naturatik hartutako lehengaien premia?

Gainera, oso garbiak gara, antza. Begira, bestela, eguneroko bizitzako jardunari: behar diren tresnak eta produktuak dendan erosten ditugu, erabili eta, behar ez direnean, zakarrontzira botatzen ditugu. Nola edo hala, hiritarrok ahalik eta zabor gutxien ikus dezagun dago antolatuta sistema, eta, gainera, hondakinak birziklatzeko etxeetan sailkatzen ditugunez, ez zaigu iruditzen zabor gehiegi sortzen dugunik; nolabait natura ez hondatzeko gai garela dirudi.

Baina, pentsatu dugu inoiz eroslearen eskuetara iritsi arte zer ibilbide egin duen produktu batek? Edo zaborretara botatako hondakinarekin zer gertatuko den? Pentsatzen jarrita, posible da Lurrak gizakion jarduerak ez jasatea, eta hondamendiak atzera bueltarik ez izatea.

Aztarna neurtu

Munduko herritar guztiok ez dugu aztarna ekologiko bera.

Bada gizakiaren jarduerek ingurumenari eragindako kaltea neurtzeko tresna bat, eta aztarna ekologikoa deritzo. Aztarna ekologikoaren unitatea lur emankorraren azalera da. Hala, giza jarduerak eragindako kaltea azalera-unitatetara pasatzen da formula matematiko batzuen bidez.

Oinarria elikagaiak ekoizteko erabiltzen den lur-eremuak eta berotzeko erabiltzen den egurra lortzeko behar dugunak osatzen dute; eta, horiekin batera, kontsumitutako erregaiak sortutako karbono monoxidoa xurgatzeko behar den eremuak. Baina beste faktore batzuk ere izaten dira kontuan aztarna ekologikoa kalkulatzeko, esate baterako, inportatutako edo esportatutako industria-produktuek sortutakoa.

Lurreko biztanle bakoitzak batez beste 2,8 azalera-unitateko aztarna ekologikoa du, hau da, ia hiru hektarea lur emankor erabiltzen ditu. Azalera-unitate hori ez da lur-eremu erreal bat, noski; unitate gisa erabiltzeko, Lurreko lur eta itsasoen batez besteko emankortasuna daukan lur-hektarea bat definitu da. Azalera-unitate bat gutxi gorabehera 0,3 hektarea landa-lur da, edo 16,3 hektarea itsaso.

Gaur egun labore bakarreko nekazaritza da nagusi.

Aztarna ekologikoa batezbesteko baten bidez kalkulatu ohi da. Normalean, herrialde bateko edo hiri bateko biztanleen aztarna ekologikoa kalkulatzen da. Horrek hainbat herriren aztarnak konparatzeko aukera ematen du. Eta, espero bezala, herrialde garatuak dira aztarna ekologiko handiena daukatenak eta, alderantziz, pobreenak aztarna ekologiko txikiena eragiten dutenak.

Espainiarren aztarna ekologikoa batez beste 5,4 azalera-unitatekoa da, hau da, munduko batezbestekoaren bikoitza ia, eta frantziarrena 7,27koa. Kantitate horiek munduko biztanleen batezbestekoaren oso gainetik daude. Konparazio baterako, Indiako biztanleen aztarna azalera-unitate bakarrekoa da, eta txinatarrena 1,84koa. Beraz, aztarna ekologikoak nabarmen erakusten du herrialde garatuen eta azpigaratuen arteko aldea.

Munduak jasango du?

Aztarna ekologikoa ezagutzeak ondorio interesgarriak ekar ditzake. Besteak beste, Lurreko lur emankor kantitatearekin konparatzen bada, nabarmen geratzen da gaur egungo kontsumo-maila jasangaitza dela, eta beharrezkoa dela egoerari buelta ematea. Izan ere, munduko lurra gizaki guztion artean banatzen bada, bakoitzari bi hektarea dagozkiola ikusten da. Eta, aztarna ekologikoa 2,8koa denez, ondorio nagusia da biztanle bakoitzak dagozkion baino 0,8 hektarea gehiago ustiatzen dituela.

Gizakiak etsaitzat dauka uztak hondatzen dituen edozein izaki, biodibertsitatearen kalterako.

Nola da hori posible? Orain arte ez ditugu munduko gainerako espezieak aipatu ere egin, baina biodibertsitatea kontserbatzeko Lurraren azaleraren ehuneko bat kalkulutik kanpo uzten da, % 12 baino ez. Eta, hain zuzen ere, gutako bakoitzak % 12 horretatik lapurtzen du, dagokigun baino gehiago erabili ahal izateko.

Gainera, ez da hori bidegabekeria bakarra; izan ere, herrialde garatuek ez dute bere lurraldean bakarrik eragiten. Gaur egungo merkatuek ez daukate mugarik, eta produktuak erraz garraiatzen dira munduaren punta batetik bestera. Hala, herri garatuetako biztanleek munduko azkeneko zokoan ere eragiten dute.

Euskaldunok ez genuke urrutitik begiratu behar, izan ere, munduko gehiegizko aztarna ekologikoaren erantzule gara geu ere, zalantzarik gabe. Zer, ez duzula sinesten? Bada, kalkula ezazu zure aztarna ekologikoa Interneten dauden orrietako batean, ez dut uste albiste oso onik jasoko duzunik.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia