Gizakiak arrastoa uzten du
2004/01/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia; hala dio abestiak. Premia izan ala ez, menpean hartu hartzen du bizi den ingurunea, eta haren eragina edonon ikus daiteke. Begiratu, bestela, munduko biztanle gehienak bizi diren herriei eta hiriei: ezin esan naturaren legeek agintzen dutenik.
Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea... horren premia badu gizakiak. Izan ere, biziraupenari dagokionez, gizakia da ingurunearen menpe dagoena, ezinbestean. Inguruko iturriak ustiatzen ditu lehengaiak lortzeko: elikagaiak, erregaiak eta hainbat produktu ekoizteko erabiltzen diren substantziak izaditik eskuratzen ditu.
Errealitatea bakarra den arren, bi ikuspegi horiek txanpon beraren bi aldeak dira. Baina orekan dago izadiaren eta gizadiaren arteko harremana? Galdera horri erantzuteko sortu zen aztarna ekologikoaren kontzeptua. Izan ere, aztarna ekologikoa gizakiak munduko ekosistemetan egiten duen presioa neurtzeko tresna bat da.
Aztarna ekologikoaren bidez, gizakiak bere jardueretan naturari egiten dion kaltea neurtzen da, eta kalte hori lur emankorraren azalera-unitatetan adierazten da; horrek esan nahi du azalera-unitatetara ekartzen dela giza jardueren eragina, ustiatutako lurrak zein sortutako hondakinak. Sinplifikatze aldera, janaritarako eta egurretarako behar den lurraren azalera bakarrik hartzen da kontuan, azpiegituretarako erabiltzen dena eta erregai fosilen errekuntzak sortutako karbono dioxidoa xurgatzeko behar dena.
Merkatua zabaltzeak beste herri batzuetako produktuak kontsumitzera bultzatzen du.Termino horiek guztiak azalera-unitatetan (edo hektareatan) adierazteko formula matematiko batzuk erabiltzen dira. Hala, auto batek kontsumitutako erregaiak sortutako karbono dioxidoa hektarea bihurtzen da, esate baterako. Noski, azalera-unitateak adierazten duen lur-eremua ez da erreala. Unitatea biologikoki aberatsa den Lurreko azaleraren batezbesteko baten bidez definitu da. Lur-motaren arabera zehaztu dute azalera-unitate hori; hala, unitate bat 0,3 hektarea (ha) landa-lur da, edo 0,6 ha baso, edo 2,7 ha zelai edo 16,3 ha itsaso.
Eremu horiek guztiek batez besteko emankortasuna dute; oso emankorra den lur-hektarea erreal bat azalera-unitate gehiagorekin adierazten da neurri bera duen emankortasun gutxiko lur-eremua baino.
Azter dezagun aztarna ekologikoa kalkulatzeko zein faktore erabiltzen diren. Jo dezagun lanera joateko hiru garraiobide daudela aukeran: autoa, autobusa eta bizikleta. Zein da hiru horietan aztarna ekologiko txikiena eragiten duena? Bizikletaz joanez gero, gosaritan energia gehiago hartu beharko da; zerealak jan badira, esate baterako, zereal horiek ekoizteko erabili den lurraren azalera kalkulatzen da. Horri bizikleta egiteko prozesuan erabili den erregaia ere gehitzen zaio, eta azalera-unitatetara ekarri. Autoarekin eta autobusarekin antzera egiten da, baina horietan energia-iturria gasolina denez, zenbat litro gasolina erabili diren izaten da kontuan, eta baita bidean zenbat leku hartzen duten, errepidearen mantentze-lanak... ere.
Batez beste kalkulatuta, esan daiteke aztarna ekologikorik txikiena bizikleta erabiliz eragiten dela; autobusa hartuta ia bikoitza da, eta autoz joatea erabakitzen bada, hamar aldiz handiagoa izan daiteke.
Gizabanako baten aztarna ekologikoa kalkulatzeko, garraiobideak izaten dira kontuan, baina beste faktore batzuk ere bai, esate baterako, bertako produktuak ala kanpotik ekarritakoak erosten dituen, bainatu ala dutxatu egiten den eta zein maiztasunekin, zenbat zabor sortzen duen...
Tokian tokiko produktuak kontsumitzeak abantaila asko ditu.Dena dela, kalkulurik gehienak batez beste egiten dira, herri oso bat kontuan izanik, edo hiria, eskualdea, estatua... eta azalera-unitatetara pasa gabe, hau da, lur-hektareatan. Hala, donostiarren aztarna ekologikoa urteko 3,64 ha da batez beste, Donostiak jasan dezakeenaren bikoitza inguru. Nafar baten aztarna ekologikoa, berriz, batez beste 3,47 ha da.
Beheko grafikoari begiratuta, nabarmena da munduko herrialdeen artean dagoen diferentzia. Teknologia aurreratuenak erabiltzen dituzten herrialdeak dira aztarnarik handiena uzten dutenak, gehiago kontsumitzen dutelako. Aztarnarik txikiena uzten dutenak, ostera, herrialde azpigaratuak dira.
Munduko biztanleek batez beste eragiten duten aztarna 2,8 azalera-unitate da, Nazio Batuek 1996an emandako datuen arabera. Lurrak ustiapen-maila hori jasan dezakeen jakiteko, gizaki bakoitzari dagokion azalera kalkulatu dute: bi hektarea edo azalera-unitate dagozkio. Kalkulua egiteko munduko eremu emankor guztiak izan dira kontuan: landa-lurrak, basoak, zelaiak eta itsasertzak. Azalera horren % 12 kendu egin dute biodibertsitatea mantentzeko beharrezkoa delako. Eta gelditzen den azalera zati populazioa egin dute.
Datuei begiratuta, ondorioa garbia da: gizakia dagokiona baino gehiago ari da ustiatzen. Zehatz esateko, Lurreko sei bilioi biztanleetako bakoitzak dagokiona baino 0,8 hektarea gehiago ustiatzen ditu, batez beste. Argi dago, bide horri jarraituz gero, etorkizuna ilun agertzen da.
Abantailak bai, baina trabak ere bai
Dena dela, neurketa-tresna bat denez, mugatua da, ezin baititu faktore guztiak kontuan izan; eragina duten termino guztiak izango balira kontuan, ez litzateke erabilgarria izango, datuak biltzen bakarrik luzeegi joko luke.
Sinplea izateak alde onak ditu, izan ere, kontzeptua bera ulertzea errazten du. Adierazle honek garbi erakusten du norbere bizimoduak, kontsumo-ohiturek, ingurumenean duten eragina. Nolabait, kontzienteago egiten du kontsumitzailea bere beharrek sortzen duten kalteaz. Horri esker, errazagoa da ohitura horiek aldatzeko premiaz konturatzea.
Neurketarako, lur eta itsaso emankorren % 12 kentzen da, biodibertsitatea mantentzeko gutxienekoa delakoan.Hala ere, herrien aztarna ekologikoa neurtzeko hobekuntzak egin daitezke. Izan ere, ez da kontuan izaten kontsumitzen diren produktuak ekoizterakoan kanpoko ekosistemetan ere eragin dela, gaur egun merkatua mundu osora zabaltzen baita. Kalkulatzen dena herrialde bakoitzaren kontsumoa da, eta, hori egiteko, barne-ekoizpenari inportatutakoa gehitzen zaio eta esportatutakoa kendu.
Hala, Alemanian ekoitzitako autoa erosten badugu Euskal Herrian, auto horrek sortutako aztarna ekologikoa EHn kontatzen da.
Produktua kanpoan saldu arren, ekoizpenean sortutako hondakinak herrialdearen kontsumoan sartzen dira. Horrek esan nahi du herri inportatzaileak ez duela ekoizpenean sortu diren hondakinei dagokien aztarna bereganatzen. Lehen aipatutako adibidearekin jarraituz, autoa ekoiztean sortutako hondakinen aztarna Alemanian kontatzen da.
Ondorioz, zenbait aztarna ekologiko puztuta daude. Pentsa: Irlandako kontsumo-ohiturak eta Erresuma Batukoak parekoak diren arren, Irlandako aztarna lau unitate handiagoa da. Izan ere, Irlandak barazki asko saltzen ditu kanpora, eta laborantzan sortutako hondakinek hango aztarna ekologikoa handitzen dute.
Turismo asko hartzen duten herrietan ere beste hainbeste gertatzen da: kanpotik etorritako jendeak sortutako aztarna ekologikoa ez da jatorrizko herrian kontatzen, turismo-lekuan baizik.
Fin daitezkeen ezaugarriak baditu aztarna ekologikoak, zalantzarik gabe. Neurketa-tresna gisa fidagarria izan dadin, zehatza izan behar du, eta horrek datu asko erabiltzea eskatzen du; baina, aldi berean, erabilerraza izan behar duenez, datu-kopurua mugatua da, ezinbestean. Bi ezaugarri horien arteko oreka lortzean dago gakoa.
Aztarna ekologikoaren helburua gizakiak inguruari egiten dion kaltea zenbakitan jartzea da, giza jarduerak zein jasangaitzak diren azaleratzeko. Dena dela, ez da erraza esaten jasangarriak izateko herri bakoitzak zenbatera jaitsi behar duen bere aztarna ekologikoa. Borondate-kontua da, esan beharrik ez da. Agian, abestiaren hitzei erreparatu beharko genieke: diru zakarrak bihotzik ez du, lotuko dute gogor ta estu, haz ez dadin gizonen gain.
Herri azpigaratuen aztarna munduak gehienez jasan dezakeena baino txikiagoa da. Horrek jasangarriak direla esan nahi du? Ekologiari bakarrik begiratzen badiogu, jasangarriak dira, zalantzarik gabe. Baina ez da ahaztu behar jasangarritasunak alde soziala eta ekonomikoa ere badituela, eta herri azpigaratuak, definizioz, ez dira jasangarriak ekonomia-mailan; eta gizarte-mailan ere hutsune handiak izaten dituzte normalean.
Horregatik, aztarna ekologikoak nabarmendu egiten ditu herrien artean dauden ezberdintasunak. Izan ere, herri garatuek ez dituzte beren mugen barneko baliabideak bakarrik ustiatzen, eta, ondorioz, gainerako herrietako ekosistemetan ere eragina dute.
Pentsa, Espainiako aztarna ekologikoa 5,4 azalera-unitate da, gutxi gorabehera, eta ahalmen ekologikoa 2,52 unitate. Beraz, Espainiako biztanle bakoitzak ia hiru azalera-unitateko defizit ekologikoa du, edo, beste era batera esanda, estatutik kanpo hiru azalera-unitate erabiltzen dira biztanle bakoitzaren bizi-mailari eusteko. Eta Frantzian ere beste hainbeste gertatzen da; izan ere, aztarna ekologikoa 7,27 azalera-unitate da eta ahalmen ekologikoa 4,27.
Dutxa azkar bat hartu ordez bainera bete-bete egiten baduzu, ez zoaz bide zuzenetik. Aztarna ekologikoa murrizteko eguneroko kontsumo-ohiturak dira aldatu beharrekoak.
Gure kontsumoaren eragina milaka kilometrora jasaten dute.Esate baterako, ahal dela oinez edo bizikletaz mugitzea hobe, eta distantzia luzeak egiteko garraio publikoa hartu. Saiatu behar ez dituzun gaiak ez erosten; izan ere, gai hori ekoizteko lehengaiak ustiatu dira, eta gero etekinik ateratzen ez badiozu, hondakin bihurtuko da; gainera, zure patrikak ere eskertuko du. Bertako produktuak aukeratuz gero garraioan gutxiago poluitu dela badakigu, eta gure aztarna ekologikoa beste herri batzuei leporatzea eragozten dugu.
Zure zaborrontzia lataz, plastikozko zorroz eta bestelako ontziz betetzen dela? Erosketak egiterakoan bildukin gutxiagoko produktuak aukeratzen has zaitezke.
Zure aztarna ekologikoa neurtu nahi baduzu, Interneten badira horretarako orriak, eta galdetegi bati erantzun besterik ez duzu. http://www.euskadi.net/ihitza/ihitza10/10kontsumista_e.htm helbidean, esate baterako, galdetegi labur bat daukazu, euskaraz. Beste hau euskaraz ez den arren, hizkuntza askoren artean aukera dezakezu, eta oso zehatza da: http://www.myfootprint.org
Kontuan izan, erabaki handiak estatuen esku uzten diren arren, herritar bakoitzak egin dezakeela ahalegina, eta ardura bere gain hartu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia