}

Gizakia, suntsipen handiko izakia

2018/05/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Leku batean baino gehiagotan aipatu dute gure espeziea izurri bat dela: planetaren txoko guztiak kolonizatu ditugu, eta populazioaren hazkundea etenik gabekoa da. Hala ere, bizidun guztietatik % 0,01 baino ez gara. Hori bai, beste espezieak suntsitzeko ahalmenari begiratzen badiogu, orduan bai, orduan izurri garela onartu beste aukerarik ez dugu: ugaztun basatien % 83 eta landareen % 50 desagerrarazi ditugu.

PNAS zientzia-aldizkarian eman dituzte datu horiek, “Biomasaren banaketa Lurrean” izeneko artikuluan. Espezie bakoitzaren pisua neurtzeko azterketa handiena eta osatuena da, egileen arabera, eta uste oker batzuk argitzeko balio izan duela adierazi dute. Adibidez, oso zabalduta dago bizidun asko eta asko itsasokoak direla. Ikerketak, ordea, bizidunen % 1 baino ez dela bizi itsasoan. Bizidun gehienak lehorrekoak dira, eta haietako asko, gainera, lurpean bizi diren bakterioak dira.

Horrekin batera, ikerketak agerian utzi du gure espezieak besteetan duen eragina izugarria dela. Horren adibide dira oilaskoak: haztegietako oilaskoak planeta osoko hegaztien % 70 dira, eta hegazti guztien % 30 baino ez dira basatiak. Zenbakiak are esanguratsuagoak dira ugaztunen kasuan: ugaztunen % 60 abereak dira (behi-azienda eta zerriak, batez ere), % 36 gu gara, gizakiak, eta % 4 baino ez dira ugaztun basatiak.

Lehendik ere, zientzialariek ohartarazi izan dute seigarren suntsipen handia bizitzen ari garela. Aurreko suntsipen handien eragileak bizidunak zein bizirik gabeak izan ziren. Oso ezaguna da, esaterako, duela 65 milioi urte gertatu zena, asteroide batek Lurra jo zuenean: dinosauroak ez ezik, itsas familien % 15 galdu ziren, besteak beste. Galera horren “erruduna” asteroidea izan zela onartuta badago ere, oraindik ez dago argi beste faktore batzuek ere zein neurritan parte hartu zuten, adibidez, sumendiek. Oraingo suntsipen handian, ordea, ez dago zalantzarik: gu gara eragileak.

Biomasaren ikerketak ideia horretan sakondu du, eta agerian utzi du zenbaterainoko garrantzia duen gure jateko ohiturak beste bizidunetan. Alde horretatik, ikertzaileek ohartarazi dute haragia jateak sekulako eragina duela ingurumenean eta beste bizidunetan, landare zein animalietan.

Eta, paradoxikoki, gure espezieak pisu txikia du, beste bizidun batzuekin alderatuta: birusek eta zizareek baino hiru aldiz txikiagoa, arrainek baino 12 aldiz txikiagoa eta onddoek baino 200 aldiz txikiagoa. Txikiak gara, beraz, baina suntsipen-ahalmen handikoak.

Berria egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia