}

Gizakia elektrizitate-sortzaile

2008/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizakia elektrizitate-sortzaile
2008/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: Z. Lin Wang & X. Wang)

Telefono mugikorrak, GPSak, mp3 irakurgailuak eta horrelako tresnak elikatzeko ez da elektrizitate asko behar, eta giza gorputzak sortzen duen energia erabili nahi dute hainbat ikertzaile-taldek, gailu txiki horiek energiaz hornitzeko. Horrelako bi ikerketaren berri eman dute; batean, ibiltzeko prozesuan xahutzen den energiaz baliatu nahi dira, eta, bestean, mugitzean energia sortzen duen arropa sortu nahi dute.

Lehenengoa Michigango Unibertsitatean ari dira aztertzen. Belaunari atxikitzen zaion gailu bat garatzen ari dira, belaunak xahutzen baitu energia ibiltzean. Pauso bakoitzean belaunak aurrera egiten duenean, abiadura hartzen du. Oinak lurra ukitzen duenean, ordea, belauna balaztatu egiten da oinaren gaineko posizio berrian. Hain zuzen ere, gailuak jasotzen duen energia belaunaren balaztatze-energia da.

Bigarrena Georgiako Teknologia Institutuan fabrikatzen ari diren hari berezi bat da. Nanozuntz piezoelektrikoz egin dute, hau da, tentsio mekaniko baten ondorioz (bata bestearen kontra igurtziz, kasu honetan) elektrizitatea sortzen duten zuntz txiki-txikiz.

Nanozuntz horien bidez ehungintzan erabili ohi diren zuntzak estalita, jantziak egiteko aproposak diren hariak egin dituzte. Alkandora edo jertse bat ehuntzeko hari horiek erabilita, mugimenduarekin elektrizitatea sortzen duen arropa lortu nahi dute zientzialariek.

1
241
2008
4
023
Teknologia; Nanoteknologia; Energia berriztagarriak
Berriak labur
13

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia