}

Gizaki modernoa, hautespen naturalaren mende

2012/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizaki-modernoa-hautespen-naturalaren-mende
Arg. Elhuyar Fundazioa

Gizaki modernoak hautespen naturalaren mende segitzen du? Ala ihes egin dio, kulturaren eta teknologiaren bidez? Maiatzean PNAS aldizkarian argitaratutako lan batek lehenengoaren aldeko frogak eman ditu. Lan horretan, Finlandian 1760 eta 1849 urteen artean jaiotako 5.923 pertsonaren bizialdiak aztertu ditu Sheffieldeko Unibertsitateko ikertzaileek gidatutako talde batek, ikusteko ea gizatalde haien bilakaerak bat egiten duen hautespen naturalaren mendeko populazioen ezaugarriekin. Eta erantzuna baiezkoa da.

Zehazki, hautespen naturalaren eta sexualaren galbahe nagusiak gurutzatu dituzte erregistroetan bildutako datuekin: adin ugalkorrera arte bizirautea, ugalkidea lortzea, ugaltze-arrakasta eta ugalkortasuna (ugalkideko ondorengo-kopurua). Zerga-kontuak zirela eta, Finlandiako orduko elizak zehatz-mehatz jasotzen zituen jaiotza, heriotza eta ezkontza denak, eta ikertzaileek genealogiaren jarraipen osoa egin ahal izan dute. Populazio monogamoak izaki --hala ez jokatzea gogor zigortzen zutenak, gainera-- ezkontzak hartu ahal izan dituzte ikertzaileek ugalkidea lortzearen adierazletzat.

Gurutzaketaren emaitzek erakusten dute lau parametroetan neurtutako aldakortasunak bat egiten duela hautespen naturala bizi duten populazioek izan ohi dutenarekin. Eta populazio monogamoak izanda ere, hautespen sexualaren teoriaren iragarpenak betetzen zirela: hautespen gogorrena bizi zuen sexuak (kasu honetan, gizonek) aldakortasun handiagoa zuen ugalkidea lortzeko arrakastan eta ugaltze-arrakastan; eta lotura sendoagoa aurreko bi parametroen artean.

Ikertzaileen esanean, nekazaritzatik eta arrantzatik bizi ziren populazio monogamoetan halako emaitzak neurtzeak adierazten du okerra dela uste izatea hautespen naturalaren eragina ezabatu genuela aspaldi. "Segidako monogamiak eta nekazaritzak hautespen-aukerak mugatuko zituzten, baina azterketak agerian uzten du baduela jarduteko aski toki oraindik", adierazi dute. Hain zuzen, nekazaritzaren garapena hartu izan da gizakiak hautespen naturalari emandako lehen kolpetzat. Eta haren ondotik, industria iraultzaz geroztiko garapen teknologikoa eta medikoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia