Giza sinbolismoaren garapena ulertzen lagundu duen aurkikuntza Sirian
2014/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arte figuratiboak izandako bilakaera ulertzen lagundu du Siriako Tell Qarassa arkeologia-aztarnategian aurkitutako hezurrezko hagatxoak. Espainiako CSICek zuzentzen duen nazioarteko ikerketa-taldeak Antiquity aldizkarian argitaratu berri duen artikuluan ezagutzera eman duenez, hezurrezko hagatxoak 8.000 urteko antzinatasuna du, eta zizelkatutako bi giza aurpegi ageri ditu.
“Ehiztari-biltzaileen ikonografiak animalien irudi naturalak adierazten ditu; giza irudia, berriz, modu eskematikoagoan adierazten du, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik —azaldu du CSICeko Juan Jose Ibañez Ikertzaileak—. Neolitikoaren sorrera bultzatu zuten aldaketa sozial eta ekonomikoak ematen hasi ziren heinean, giza irudia jarri zen irudikapen sinbolikoen erdigunean, eta Tell Qarassan aurkitutako hagatxoan agertzen direnen antzeko giza aurpegien adierazpen naturistak azaldu ziren”, argitu zuen Ibañezek.
Sirian aurkitutako hagatxoak 51 milimetroko luzera, 17 milimetroko zabalera eta 7 milimetroko lodiera du. Duela 8.200 urte inguru, bobido handi baten saihetsa erabiliz egin zuten, ziurrenik uro euroasiar baten hezurra. Bata bestearen gainean irudikatutako bi aurpegiek ezaugarri berdinak dituzte: kopeta garai eta zabala, betile gaineko arku zehatza, begi itxiak, kopetarekin lotutako sudur luze eta zuzena, ebakidura txiki eta zuzen baten bidez egindako aho txikia eta kokots biribila. Bi aurpegiek ez dute ilerik ezta belarririk ere.
Paleolito eta Neolitoaren arteko trantzisioan era honetako aurpegiak ageri dira bai eskultura monumentaletan bai modelatutako garezurretan (aurpegierak modelatuta dituzten arbasoen garezurrak). “Kasu bietan, naturaz gaindiko izaki eta gizaki bizidunen arteko lotura sustatzeko balio du aurpegiaren irudikapenak”, nabarmendu zuen Ibañezek. “Neolitoaren sorrerarekin lotzen den berrikuntza nagusietako bat da hori”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia