Giza portaera eta feromonak
2000/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Feromonen joan-etorriak talde-portaerak koordinatzeko ezinbestekoak dira sits edo saguentzat. Gizakiarentzat telefono-bidezko komunikazioak bezainbeste.
Feromonak animaliek ekoitzitako molekulak dira. Atmosferan barreiatzen dira eta espezie bereko beste animalia batek jasotzen ditu, askotan kilometro askotara, eta hartzaile horrengan erantzun fisiologiko edota portaerazkoak eragiten ditu. Molekula txiki horiek, konposatu usaintsuak bezala, sudur-hobian dauden neurona sentsorialetako proteina hartzaile espezifikoetara lotzen direla uste da. Edonola ere, feromona-hartzaileak diren neuronek ("bomeronasal" deritzon organoan daude) ez dute informazioa zuzenean kortexera bidaltzen, usain-hartzaileak diren neuronek ez bezala (usaimen-organoan kokatuak). Ondorioz, oinarrizko hainbat portaera jartzen dira abian inkontzienteki; interes sexuala, esaterako. Bestela esateko, benetan gertatzen dela usaindu ere ez da egiten. Hori guztia sagua baldin bazara.
Orain arte, giza feromonen jarduerari dagokionez, obulazioa sinkronizatzen dutenak soilik ezagutzen ziren (aspaldidanik ezaguna da feromona hori emakumezkoen logeletan eta egoten dela). Lehenengo isolatu ziren hartzaile bomeronasalak (adibidez, V1r-a) karraskarienak izan ziren. Orain gizakiaren feromona-hartzailea izan litekeen lehenengo "hautagaia" identifikatu dute, V1RL1 izenekoa ("V1r-like gene" oinarri hartuta). Gizakian V1r-aren antzekoak diren beste zazpi identifikatu dituzte, baina ez direla funtzionalak ikusi dute (pseudogeneak); beraz, gure arbasoek feromonak gehiago erabili izanaren arrastoak dirateke. Gizakian organo bomeronasalaren parekoa dena enbriogenesiaren zati batean soilik ageri da eta, badirudi, hau ere gure jatorriaren arrasto ez-funtzionala dela.
Gizakiak usaimen-organoaren bidez jasotzen ditu feromonak, untxiek eta txerriek bezala. Edonola ere, hartzaile izan litekeen hori aurkitu izana gure oinarrizko portaeren zergati molekularra azaltzeko urratsetako bat izan liteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia