Giza garuneko oxigeno-biltegia
2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, irakurtzea bezalako lan intelektualak egitean garuneko oxigeno-maila igo egiten zela uste zen. Alabaina, St. Louis-eko Washington Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera, horretan ere, usteak erdia ustel.
Garuneko jardueraren irudietan ikusten zenaren arabera, lan intelektualaren eta oxigeno mailaren arteko erlazioa zuzentzat hartzen zen. Izan ere, irakurtzea edo memorizatzea bezalako lanetan, garuneko odol-fluxua handitu egiten da. Zientzialarien ustean, handitze horren arrazoia zelula guztiei oxigenoa eraman ahal izatea zen.
Alabaina, Mark A. Minon-ek zuzendutako taldeak PET (positroi-igorpen bidezko tomografia) irudi-teknika erabili du odol-fluxua aztertzeko. Oxigeno gutxiko giroan, 9 pertsonari lan intelektual bat eginarazi zieten. Orain arteko teoria zuzena balitz, odol fluxua nabarmen handitu beharko litzateke. Baina, espero zutenaren aurka, ez zen halakorik gertatu.
Antza denez, garunak oxigeno-biltegi bat du. Horri esker, oxigeno-maila baxua denean, garunak denbora batez jarduteko ahalmena du. Minonen esanean, garunak teorikoki beharko lituzkeen baino kapilar gehiago ditu, eta baliteke horiek oxigeno-biltegi moduan lan egitea. Gainera, oxigeno-biltegia izatea giza ezaugarria da, oxigeno-maila baxuarekiko askoz sentikorragoak baitira bai saguak baita beste primateak ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia