}

Giza eboluzioaren pasarte ezezagun bat aurkitu dute, tresna genetiko berri baten bidez

2025/03/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giza-eboluzioaren-pasarte-ezezagun-bat-aurkitu-dut
Gizakion arbasoen irudikapena. Arg. Biswarup Ganguly/CC-BY

Ikuspegi onartuenaren arabera, Homo sapiens espeziea duela 200.000-300.000 urte agertu zen lehen aldiz Afrikan, leinu bakar batetik. Orain, ordea, Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak beste ondorio batera iritsi dira, analisi genetiko berritzaile bat erabilita: sapiensak duela 300.000 urte hibridatu ziren bi espezieren ondorengoak dira.

Jakina da sapiensak eta neandertalak hibridatu egin zirela, duela 50.000 urte inguru. Hala erakutsi dute azterketa genetikoek; hain zuzen, gure genomaren % 2-4 neandertal-jatorrikoa da. Oraingo ikerketak erakutsi duenez, berriz, bi espezie horiek hibridazio handiagoa izan zuten, batek % 80ko arrastoa utzi baitzuen, eta besteak, gainerakoa.

Ondorio horretara iristeko, cobraa izeneko algoritmoa erabili dute, eta 1000 Genoma Proiektuko (1000GP) eta Giza Genomaren Dibertsitatearen Proiektuko (HGDP)  DNAk aztertu dituzte. Proiektu horiek hainbat jatorritako gaur egungo genomen datuak biltzen dituzte, eta haietatik abiatuta berridatzi du espeziearen historia genetikoa cobraa algoritmoak. 

Horren bidez, jakin dute sapiensen bi arbaso haiek arbaso komun bat izan zutela duela 1,5 milioi urte, eta, banatu ondoren, patu desberdinak izan zituztela. Gure genoman arrastorik handiena utzi zuen gizakiak botila-lepo larria jasan zuen; geratu zen populazio txikitik hedatu zen, eta denisovarren eta neandertalen genometan ere egin zuen ekarpena. Beste espezieak, % 20ko ekarpena egin zuenak, batik bat, garunaren funtzionamenduarekin eta prozesamendu neuronalekin zerikusia duten geneak utzi zituen gugan.

Ikertzaileek onartu dute ezin zutela ziurtatu zein ziren bi espezie horiek, baina Homo erectus eta Homo heildelbergensis aipatu dituzte. Nature Genetics aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia