Giza bipedismoa ahalbidetu zuten funtseko bi aldaketa identifikatu dituzte

2025/08/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giza-bipedismoa-ahalbidetu-zuten-funtseko-bi-aldak
Giza pelbidaren erreprodukzio bat. Arg. MAKY.OREL, CC0, via Wikimedia Commons

Pelbisaren eboluzioan bi aldaketa identifikatu dituzte, gizakiok zutik egoteko eta ibiltzeko gako izan direnak. Zehazki, ileon hezurraren aldaketak dira; alegia, gluteoak txertatzen diren hezurrarenak. Beste primateenarekin alderatuta, hezur horrek itxura berezia du. Orain, azterketa histologikoak, anatomikoak eta genomikoak batuta, berezitasun horiek eboluzioan nola garatu ziren ikusi dute. Nature aldizkarian argitaratu dituzte xehetasunak.

Pelbisaren aldaketa horiek duela 5-8 milioi urte gertatu ziren, eta, artikuluaren arabera, aldaketetako bat kartilagoaren hazkunde-plakaren orientazioan dago. Bestea, berriz, hezur-zelulak kartilagoan ezartzen diren unean eta moduan dago. Bi horiek bultzatzen dituzten sekuentzia genetikoak ere identifikatu dituzte: SOX9–ZNF521–PTH1R eta RUNX2–FOXP1/2. 

Hala, frogatu dute, enbrioiaren garapenaren lehen asteetan, ileonaren hazkuntza-plaka berdin hazten dela primate guztietan, goitik behera lerrokatuta. 53. eguneran, baina, gizakietan, elkarzut kokatzen da. Horrek pelbisa moztea eta zabaltzea eragiten du. Hori funtsezkoa da zutik egon eta ibiltzeko.

Aurrerago gertatzen da beste aldaketa: ileonaren osifikazioa ez da erdian hasten, baizik eta sakroaren atzealdea, eta modu erradialean doa hazten. Bitartaen, hezurraren barnealdeak 16. astera arte atzeratzen du mineralizazioa. Horri esker, pelbisak malgutasunari eusten dio, eta bipedismorako gako den geometria hartzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia