Gines Morata Perez: "Beharbada, zahartzen zaizkigun organoak ordezkatu ahal izango ditugu"
2001/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza genomaren sekuentziazioa dela eta, 2000. urtean genetikak izan du komunikabideetan jarraipen berezia. Hala ere, beste organismo batzuen genomari buruz ere luze hitz egin da. Drosophila melanogaster eulia adibide aproposa da. Oso ondo ezagutzen den intsektua da eta laborategietan genetikako ikerketetan oso erabilia. Science aldizkariko martxoaren 24ko zenbakian euliaren genoma osoa deskodetu zela iragarri zen. Azken faseen ardura Celera Genomics enpresak hartu bazuen ere, lan hori laborategi askotan egindako proiektu askoren emaitza da. Horietako bat Gines Morata Perez biologoak zuzentzen du. Bere laborategia Madrilgo Unibertsitate Autonomoan kokatuta dago. Bertan, CSICeko proiektuak garatzen dira.
Genetikan, ADNa informazioa gordetzen duen oinarrizko molekulatzat hartzen da. Baina gero eta gehiago zabaldu da ARNa izan zela eboluzioan lehenengoa. Zein da, orduan, ADNaren abantaila?
ADNak duen abantaila egonkortasuna da. Egia esan, badira ARN soila erabiltzen duten izakiak, erretrobirusak, alegia. Dena dela, izaki horien estrategia ARNa ADN bihurtzea da, kutsatutako zelulek modu iraunkorrean gorde dezaten. ADNak kate bikoitza duenez, bata bestearekiko elkarrekintzak egonkorrago egiten du sistema osoa.Gainera, ARNak ere zenbait toki espezifikotan bere katearekin antzeko elkarrekintza sortzen du, baina efektua ez da ADNarena bezain sendoa.
Nolako garrantzia izan du Dolly ardi klonatuaren esperimentua genetikan?
Prentsan oihartzun handia izan arren, esperimentu horrek garrantzi erlatiboa izan du. Klonazioa ez da oraingo kontua. Aspaldian garatutako ideia da. Adibidez, oso modu errazean klonatu dira igelak eta horrelako beste animalia batzuk. Dollyren kasuan, berrikuntza erabili den animalia-motan datza, ardia ugaztun handia baita. Ugaztunen oozitoekin lan egitea igelen oozitoekin lan egitea baino askoz zailagoa da. Arrakasta oso mugatuta dago. Hiruehun saioetatik behin bakarrik lortzen dira emaitza onak. Ikuspuntu horretatik Dollyren esperimentua aurrerapen handia da, baina ez kontzeptualki ezer berririk dakarrelako.
Geroago, esperimentu horren ezaugarri batzuk aipatu dira. Dollyren zeluletako telomeroak beste ardi batek jaiotzean dituenak baino motzagoak ziren, hots, ardi zahar baten ezaugarriekin jaio zela. Zertan geratu da kontu hori?
Horretaz zerbait aipatu da, baina nire ustez ez da ezer garbirik atera. Dollyren telomeroak aztertu ziren eta, bai, beste ardienak baino motzagoak ziren. Hala eta guztiz ere, horrek ez du ondorio biologiko nabarmenik ekarri. Izan ere, ez zaio ardi gazteek duten beste edozein ezaugarriren faltarik aurkitu. Horregatik, biologo gehienen artean klonazio hori anekdota hutsean gelditu da.
Ba al dago adinaren kontrol biokimikoa lortzerik?
Etorkizunean agian bai. Baina oso zaila da, adinaren kontrol horretan aldagai asko eta asko nahasirik daudelako. Biologikoki zahartzeko eta hiltzeko programatuta ez dauden organismoak ezagutzen dira. Horrek ez du esan nahi ezin direnik akabatu, baina ez dira berez hilko, behintzat. Multzo horretatik gertu bakterioak daude, ez baitira hiltzen. Ugaltzeko erdibitu egiten dira. Horrela, ale berriak sortzen dira, baina jatorrizkoa ez da hil. Gizakioi dagokigunez, beharbada, zahartzen zaizkigun organoak ordezkatu ahal izango ditugu. Organo horiek, klonazioa dela medio, geure informazio genetikotik lor litezke. Horrela, neurri batean, adinaren kontrola izango genuke. Baina gure gorputzaren biologia oso konplexua dela ez da ahaztu behar.
ADNak duen informazio guzti-guztia ez da proteinak egiteko erabiltzen. Zergatik?
Organismoen ADNaren antolamenduak horrela eskatzen duelako. ADNaren zati handi bat proteinak egiteko informazioa da, baina horrekin batera, tartekatuta, horretarako balio ez duten zatiak daude. Introiak deitzen dira. Badakigu introi batzuek erregulatzaile espazial moduan jokatzen dutela, baina beste asko zaborra besterik ez dira. Adibidez, giza genoman uste baino askoz gene gutxiago daude, alde batetik introiak ugariak direlako eta, bestetik, erredundantzia genetikoarengatik. Alegia, gene asko errepikatuta daude.
Nolatan daude ezertarako balio ez duten hainbeste ADN zati?
Hori eboluzioaren ondorioa dela uste dugu. Urte askoren buruan gertatutako hainbeste mutazio direla eta, informazio genetikoaren eboluzioa handia izan da. Baina genoma ez da produktu bukatua eta erreplikatzen ez diren aspaldiko aztarna asko ditu.
Gene-terapiak oso teknika azkarra ematen du, birus baten mekanismoa erabiltzen baita nahi duzun genea zelulen nukleoetan sartzeko. Baina gaur egun, zer arazo ditu?
Aipatu duzun hori gene-terapia mota bat besterik ez da. Beste metodo bat ordezko genearen kantitate handiak txertatzea izan daiteke, kutsatze artifiziala gertatzen den ala ez ikusteko. Oraindik ez dago behar adina eraginkortasun duen metodologia orokorrik. Kontuan hartu behar da gene-terapiak lau urte baino ez dituela eta oraindik arrakasta oso portzentaje txikietan lortzen dela. Birusaren baliabideen bitartez saiatzen garenean, arazo asko sor daitezke. Esate baterako, ezin ditugu albo-ondorioak oraindik ezagutu. Horretarako, urte asko pasa beharko dira.
Gainera, sendatu nahi den gaixotasunaren jatorria oso ondo kokatuta dagoenean errazagoa da. Adibidez, giltzurrunaren zeluletako material genetikoa aldatu behar denean, zuzenean horra bidera daiteke terapia. Baina beste gaitz askoren jatorria gorputz osoan egon daiteke eta kasu horietan tratamendua oso zaila da. Uste dut denbora asko eman beharko zaiola gene-terapiari.
Hox geneak eta Drosophila
Gines Morata biologoaren ekarpenak Drosophila melanogaster euliaren genomarekin zerikusi handia du. Bere taldearen ikerketan, Drosophilaren gorputzaren erdiko zatiak osatzeko behar diren geneak sekuentziatu dituzte. Ondorioz, Nature, Science, Cell eta beste aldizkari espezializatuetan artikulu ugari argitaratu dituzte.
Drosophila melanogaster (frutaren eulia) oso organismo ezaguna da genetikako laborategietan. Escherichia coli bakterioak izan duen garrantzi bera izan du zelula anitzeko organismoen arloan. Izan ere, Drosophila eulian zelula-mota bakoitzak dagozkion geneak nola aukeratzen dituen sakon aztertu da. Gines Morataren taldekoek euliaren Hox geneak identifikatu dituzte. Gene horiek sortzen dituzten proteinen ardura ADN katean espezifikoki lotzea da. Horrela, beharrezko geneak bakarrik aktibatzen dira; hau da, begietako zeluletan, adibidez, begietako proteinak bakarrik egingo dira eta ez zangoetakoak. Horrela, Hox geneak aldatuta, begiaren lekuan zangoa garatzea lor daiteke.
Organismo guztietako Hox geneek homeobox izeneko sekuentzia daukate. Bai eulietan eta bai, adibidez, gizakiongan. Izaki guztietan berdinak diren informazio genetikoaren zatiei biologoek markatzaile molekular deitzen diete. Homeobox markatzaileak Hox geneen bilaketa asko erraztu du. Horrela, zientzialariek ikusi dute organismoen genoma ordenatuta dagoela. Kromosometan jarraian doazen bi genek, adibidez, gorputzean elkarren ondoan egongo diren bi gorputz-zatientzako kodea gordetzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia