}

Giharrak bihotzekoa konpontzeko

2001/05/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

1998an egindako ikerketa batean, untxien bihotz kaltetuetan beren hanketatik hartutako zelulak txertatuz, untxiek ohiko bizimodua egin ahal izan zutela. Orain, Estatu Batuetako Duke Unibertsitateko Medikuntza Zentroak egin zuen ikerketa hura gizakietan probatzeko prestatzen ari dira.

Lehen saiakuntza Rotterdam-en egingo dute, eta, urtea bukatu baino lehen, Duke Unibertsitatean eta Estatu Batuetako beste toki batzuetan proba gehiago egingo dira. Erabiliko duten teknika oso erraza da: gaixoaren hankatik giharreko zelulak (mioblastoak) hartu, gorputzetik kanpo ugariarazi eta, kateter baten bidez, bihotzeko toki kaltetuetan txertatu.

Duke Unibertsitateko Doris Taylor ikertzailearen esanean, bihotzekoak tratatzeko zelulen ordezkapenean oinarritutako azken teknikekiko onura nabarmenak ditu beraiek landutakoak. Azken saiakuntza horiek ama-zelulekin ari dira egiten, baina oraindik lehen fasean daude. Taylorren ustez, gizakietan proba klinikoak egiten hasterako bost urte itxaron beharko dira.

Gainera, mioblastoak, ama-zelulak ez bezala, ia mugarik gabe lor daitezke. Ama-zelulak kopuru mugatuan daude gaixo bakoitzean, eta transplanteen errefusa ekiditeko, garrantzitsua da gaixoaren zelulak erabiltzea; horregatik, txertatu beharreko zelulak mugarik gabe lortzea abantaila garbia da.

Bestalde, mioblastoak txertatu orduko hasten dira uzkurtzen bihotzeko beste zelulekin batera. Ama-zelulak, aldiz, bihotzeko zelulak bezala jokatzen dute eta bihotza kaltetutako tokian txertatzen badira, kaltetuak baleude bezala jokatzen dute.

Munduan urtean 3,5 milioi pertsonek baino gehiagok izaten dute bihotzekoa, eta bizirik irauten dutenek berriro izateko arriskua dute. Kalteari aurre egiteko, bihotzeko zelula osasuntsuak gehiago hazten badira ere, denborarekin bihotzak indarra galtzen du. Horrela, Estatu Batuetan eta Europan urtean 410.000 gaixo hiltzen dira bihotzekoak jota. Beraz, teknika hori arrakastatsua izanez gero, bihotzekoa sendatzeko itxaropena piztuko litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia