Gibeleko zelulak arearenak bihurtzea lortu dute
2003/01/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Enbrioiaren garapenean, gibelaren eta arearen zelulak antzeko ehunetatik hazten dira. Bai saguetan bai gizakietan, Pdx1 genea ezinbestekoa da area garatzeko; nolabait, zelulak are-zelula izatera bideratzen ditu. Hori ikusita, ikertzaileek igel-enbrioien gibeleko zeluletan sartu dute gene hori. Enbrioi guztietan ez dute emaitza bera lortu: batzuetan, gibel osoa bihurtu da are, eta beste batzuetan, berriz, zelula batzuk besterik ez dira are-zelula bihurtu. Eta gauza bera gertatu da esperimentua giza zelulekin egitean.
Oraingoz, ordea, lehenengo pausoa besterik ez dute eman. Ikertzaileek berek onartzen dutenez, lortu dituzten are-zelulak funtzionalak direla ikusi behar dute aurrena. Izan ere, ez dakite horrela lortutako zelulak areak ekoizten dituen molekula nagusiak (intsulina, amilasa eta glukaigoia) sortzeko gai diren ala ez. Gero, teknika horren bidez diabetea duten saguak sendatzeko gai direla frogatu behar dute, eta, azkenik, gizakietan probatu behar da. Beraz, bide luzea gelditzen da aurretik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia