Gibela are bihurtuta
2003/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Britainia Handiko ikertzaile batzuek zapaburuen gibel-zelulak are-zelula bihurtzea lortu dute, eta gauza bera egin dute, laborategian, giza zelulekin. Hori lortzeko, gibel-zeluletan arerantz bideratzen dituen gene bat sartu dute: Pdx1 genea. Izan ere, enbrioiaren garapenean, gibel- eta are-zelulak antzeko ehunetik hazten dira, eta gene hori ezinbestekoa da are-zelulak garatzeko.
Dirudienez, ikerketa horiek diabetea sendatzeko bide berri bat ireki dute: agian, diabetikoen gibelaren zati bat intsulina ekoizteko gai den are osasuntsu bihurtzea lortu ahal izango da.
Hala ere, oraindik bide luzea dute aurretik: ikertzaileek berek onartu dutenez, lortu dituzten are-zelulak funtzionalak direla ikusi behar dute lehenik. Ondoren, teknika horren bidez diabetea duten saguak sendatzeko gai direla frogatu, eta, azkenik, gizakietan probatu behar da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia