}

GIBaren aldaera askoren aurkako txertoa, hurbilago

2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hiesaren birusa (GIB) aldaera asko sortzeko gai da, eta horregatik da hain zaila aldaera guztien aurrean babesa emango duen txertoa lortzea. Hala ere, badirudi txertoa lortzeko bidean aurrerapausoak ematen ari direla ikertzaileak.

Jakina da GIBaren estalkian dagoen gp 120 izeneko proteinak itxura alda dezakeela, eta, hain zuzen, horri zor dio GIBak aldakortasuna. Baina AEBetako Giza Birologia Institutuko ikertzaileak konturatu ziren gp 120 molekula guztiek ezaugarri komun bat zutela. Gainera, GIBa ez da nolanahi lotzen zeluletara horiek kutsatzeko; zehazki, gp 120 proteina da zelularen CD4 molekulara lotzen dena. Eta lotura horretan eratzen den konplexuak egitura bera du GIBaren aldaera guztietan.

Hori jakinda, ikertzaileek gp 120-CD4 konplexu artifiziala prestatu dute, eta frogatu dute konplexua gai dela GIBaren aldaera askoren aurkako antigorputzak sorrarazteko. Emaitzak oso onak izan dira bai laborategiko animalia txikietan bai tximinoetan, eta, egileen esanean, txertoaren helburua gaitza prebenitzea bada ere, terapian ere erabili ahal izango da. Hori bai, gizakietan probatzerako bi urte beharko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia