Gezurti, sofistikatua, Ophrys orkideoa
1995/02/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iaz apirileko artikuluan adierazi genizuenez, orkidazeoen familiak espezie-kopuru handia du; 17.000 espezie inguru eta 750 genero, hain zuzen ere.
Oraingo honetan aztergai dugun generoak, “Ophrys” (grekoz bekaina) izenekoak, oso eboluzio-garapen interesgarriak lortu ditu. Talde honetako espezie eta barietateen loreek intsektu desberdinen itxura izatea lortu dute, lore-polinizazioa eta ugalketa-prozesua segurtatzeko oso mekanismo bereziak garatuz. Gainera, orkideo hauen eboluzio-sistema ez da formara bakarrik mugatu; baizik eta intsektuen erakarpena segurua izan dadin, loreek oso kolore eta usain sofistikatuak izatea lortu dute.
Bestalde, genero honen barruan, Europa, Asiako mendebaldeko zona eta Afrikako iparraldea kontutan harturik, 30 espezie inguru ezagutzen dira, Mediterranio aldea espezie aldetik ugariena eta emankorrena delarik. Dena den, espezie honen hibridatzeko joera oso handia denez, zehatz-mehatz kopuru bat ematea korapilotsua da. Adituek ere, espezie bera, subespezie eta barietateak sailkatzeko zailtasun handiak izaten dituzte.
Aztergai dugun orkideo hau, nahikoa txikia izaten da; 10-30 cm bitartekoa. Sustraian, bi tuberkulu oboide izaten ditu. Arrautza-formako hostoak, behealdean erroseta-forman azaltzen dira. Infloreszentzia, galburu batean izaten da. Nahiz eta lore txikiak azaldu, hauek oso deigarriak izaten dira.
Sepalo eta petaloak berde-horixkak, labelo deigarriak eta kolore metalikoak ditu; papiladun eta pubeszenteak. Zenbaitetan labeloaren ertza, horia izaten da. Otsailetik maiatza bitartean loratzen da eta andrena generoko erle arrek polinizatzen dute bereziki. Erleak labeloaren gainean jarritakoan, lorearen polinioak bere gorputzean itsasten dira, polinizazioaren zikloa segurtatu egiten delarik. Lorearen usain ona edo aroma, osagai farnesoliko eta zitronelalikoei, eta alkohol oktilo taldearen osagai bati esker izaten du.
Bere habitatari dagokionez, bariatua izan arren, sastrakadi, amezti eta artadietan eta komunitate hauen degradazio-zonetan (larreetan) azaltzen da bereziki. Oro har, banaketari dagokionez, Mediterranio aldeko guneetara zabaltzeko joera du, nahiz eta Bizkaiko itsaso aldean, itsasaldeko hareatza eta zenbait dunatan agertu.
Bestalde, familia honek jasan behar izan duen “jazarpena” handia izan dela gogoratu nahi dizuegu. Eta bere habitata suntsitzea dela eta, espezie asko oso urri eta desagertzeko zorian egon daiteke. Horregatik gure flora-ondarea mantendu eta aberastu nahian, espezie hauek kontserbatzeko azterketa eta lehentasun-irizpideak martxan jarri beharko dira.
Familia: orkidazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia