Gezurrezko zelula-mintzaren puskak
2004/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zelulak ia etengabe trukatzen ditu molekulak inguruarekin mintzean txertatuta dituen proteinen bitartez. Baina ikertzaileentzat oso zaila da proteina horien funtzionamendua ikertzea, mintzetik erauzten direnean galdu egiten baitute beren funtzioa. Orain, ikertzaile estatubatuar batzuek trikimailu bat aurkeztu dute arazo horri aurre egiteko.
Trikimailuak oso sinplea dirudi: ikertu nahi duten proteina disko-itxurako mintz-puska txiki batean txertatzen dute. Hala, proteinak lanean jarraitzen du, oraindik benetako mintzean egongo balitz bezala. Izan ere, puska horiek zelularen mintzaren osagai bera dute, lipidoz egindako geruza bikoitza, alegia.
Sinplea badirudi ere, mintz-puska txikiak erabiltzea ez da erraza, azkar desegiten baitira. Egiturari eusteko, beste proteina batzuek inguratu behar dute diskoa. Dena dela, mintz-puska egonkortuz gero, aplikazio asko ditu teknika berri horrek biokimikaren esparruan, mintz-proteinetan oinarritutako prozesuak dituelako zelulak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia