Duela ia hamar urte, Tiroleko Alpeetan 5.300 urteko momia izoztua aurkitu zuten. Garai hartan egindako ikerketen emaitzak ikusita, ikertzaileek bera bakarrik ehizan zebilela hil zela pentsatu zuten. Duela gutxi, ordea, X izpien tomografia konputerizatua erabili dute gorputza hobeto aztertzeko, eta silexez egindako 2 zentimetroko geziburua aurkitu dute.

Izotzetako gizonaren gorpuzki izoztua Italian dago, Bolzanoko museo arkeologikoan. Hilaren 25ean, Eduard-Vigl patologoak eta Paul Gostner erradiologoak prentsaurrekoa eman zuten bertan, aurkikuntzaren nondik norakoak azaltzeko. Esandakoaren arabera, geziak ezkerreko besoa zeharkatu, nerbioak kaltetu eta, beharbada, paralisia eragin zion. Sorbalda-hezurra txikitu bazuen ere, ez zuen bizitzeko ezinbestekoa den organorik kaltetu; horregatik, izotzetako gizonak asko sufritu behar izan zuen hil aurretik. Zauriaren ibilbidea aztertuta, badirudi gezia jaurti zuena hildakoaren atzealdean eta hori baino apur bat beherago zegoela, zutik. Bestalde, ikerketa-taldeko buru Horst Seidler antropologoaren ustez, zauriaren ondoko ehuna ingurukoa baino lodiagoa da, eta hori luze iraun zuen odol-jarioaren seinale da.
Datorren irailean, hainbat ikertzaile Bolzanon elkartuko dira, izotzetako gizonari buruzko nazioarteko konferentzian parte hartzeko, eta badirudi azkeneko aurkikuntza horrek zer esana emango duela.
Astobiza, Amaia







