Gerretan beti isurtzen da odola
2003/05/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Honela dio Alexander doktoreak: "Oro har, gerraren helburua jendea hiltzea dela pentsatzen da, baina uste hori okerra da. Gerraren benetako helburua nahi bat inposatzea da eta hilgarriak ez diren armak bete-betean egokitzen zaizkio filosofia horri."
Alexanderren iritzi hori aspaldiko kontua da; izan ere, Lehen Mundu Gerraren ostean, hegazkinak bonbak jaurtitzeko egokiak zirela frogatu zenean, gerrak baketsuagoak izango zirela pentsatu zuten adituek. Noski, bonbak helburu militarrei bakarrik zuzenduz gero, erasoaldiak ez ziren hain krudelak izango zibilentzat.
Baina Bigarren Mundu Gerra etorri zen, eta baieztapen hori bertan behera geratu zen. Bonbardaketen biktimak ikusita, erraz ulertzen da zibilak akabatzea oso estrategia baliagarria dela.
Ez nator bat Alexanderrekin. Gerraren helburua bada jendea hiltzea. Bestela, zergatik erabili dute berriz uranio pobretua Irakeko azken gerran? Orain, han izandako soldadu ingelesek horren arrastoak ote dituzten, oso kezkatuta daude.
Bestalde, ustez hilgarriak ez diren armek ere jendea hiltzen dute. Horren adibide da Moskuko antzoki batean iaz gertatutakoa: txetxeniar batzuek bahitutakoak askatzeko asmoz, gas bat isuri zuen Errusiako armadak. Gasa opioaren deribatua zen, eta, ustez, ez zen hilgarria. Baina 120 pertsona hil ziren gas horrekin itota.
Azken batean, oso zaila da etikak gerrarako teknologia muga dezakeela sinestea.
Herri Irratirako prestaturiko iritzi-artikulua .
Informazio osagarria:
Gerra eta zientzia
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia