Gerrek haurren DNAn aldaketa kaltegarri iraunkorrak eragiten dituztela frogatu dute
2024/11/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gerrak suntsitutako herrialdeetan bizi diren haurrek, osasun mentaleko arazoak izateaz gain, ondorio biologiko iraunkorrak ere izan ditzaketela frogatu du Libanon egindako ikerketa batek. Ikerketa hori 2017an abiatutako BIOPATH kohorte-azterketaren parte da. Hain zuzen, BIOPATH haur errefuxiatuen artean egiten den eskala handiko lehen azterketa da, eta traumak osasun mentalaren garapenari nola eragiten dion hobeto ulertzeko oinarriak ezartzen ditu.
BIOPATHen barruan egin den ikerketa horretan, 6 eta 19 urteen arteko 1507 errefuxiatu siriarren listu-laginak hartu zituzten, eta DNAren metilazioa aztertu zuten. Hain zuzen, metilazioa prozesu epigenetiko bat da, eta, haren bidez, geneak aktiba edo desaktiba daitezke, DNAren kodea aldatu gabe.
Horrez gain, galdetegi batzuk ere bete zituzten, baita haien zaintzaileek ere, gerrari lotutako bizipenen berri jasotzeko. Horrela ikusi dute gerraren bizipenak jasan dituzten haurrek hainbat aldaketa zituztela DNAn, eta aldaketa horiek erlazionatuta daudela funtzio esanguratsuetan parte hartzen duten geneekin, hala nola neurotransmisioarekin eta zelula barruko garraioarekin.
Aldaketa horiek, gainera, nabarmenagoak ziren nesketan, mutiletan baino. Horrek iradokitzen du generoa aintzat hartu beharreko aldagaia dela; izan ere, litekeena da maila molekularrean dagoen diferentzia osasunean ere islatzea.
JAMA Psychiatry aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Ikerketaren bidez, gerrek haurretan arrasto biologiko eraginkorra eragiten dutela baieztatu dute, eta gehitu dute ez dakitela DNAren aldaketa horiek beste esperientzia traumatiko batzuetan ere agertzen ote diren, esaterako, pobrezian edo jazarpen moralean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia