}

Gero eta fitoplankton gutxiago

2010/07/29 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Itsasoko fitoplankton-kantitatea urtean % 1 inguru jaisten dela jakinarazi berri du Kanadako Dalhousie Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Itsasoko elika-katearen oinarria da fitoplanktona, eta karbonoaren zikloan paper garrantzitsua du.

Lehendik ere jakina zen fitoplanktonaren kantitatea nabarmen murriztu dela azken 30 urteotan. Izan ere, satelite bidez, ozeanoetako klorofilaren kontzentrazioak behera egin duela ikusi dute ikertzaileek. Dena den, 1970eko amaieratik egun artekoa da sateliteek eskainitako informazio hori.

Kanadako Dalhousie Unibertsitateko kideek azken hiru urteotan egindako ikerketak, ordea, mende osoan zehar fitoplanktonaren inguruan bildutako informazio oro bildu nahi izan du. Horretarako, besteak beste, kontuan hartu dira uraren gardentasunaren 1900etik egun arteko datuak, 1950etik egindako klorofilaren neurketak (zuzenean ur laginetan neurtuak) eta satelite bidez lortutako datuak. Hala ikusi dute mende osoan zehar joan dela jaisten fitoplankton-biomasa. Azken 50 urteotan, adibidez, % 40koa izan omen da beherakada. Urteko jaitsiera, berriz, batez beste % 1ekoa dela diote.

Ikertzaileek diotenez, fitoplankton-kopurua gehiago txikitu da ozeanoa berotzen ari den eremuetan. Eta, horrenbestez, uste dute klima-aldaketak eragina duela murrizketa horretan.

Argazkia: Karl Bruun, Nostoca Algae Laboratory. Nikon Small World-ek utzitako irudia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia