}

Georges Laplace: dialektika eta askatasuna

2020/10/06 Oier Gorosabel Larrañaga - ADES Espeleologia Elkarteko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

georges-laplace-dialektika-eta-askatasuna
Laplace, San Martin Harriko leizearen sarreran (1952). Arg. Ebrard-Marsan artxiboak

Georges Laplace arkeologoak (Paue, 1918-2004) modu independentean jardun zuen ikertzen, Europako paleolito-aditu nagusietako bat bihurtu zen arte. 1950eko hamarkadan, metodologia arkeologikoa sakonki berritu zuen, eta indusketa-sistema (koordenatu kartesiarrekin) eta aztarna arkeologikoen analisi-metodoa (tipologia analitiko estrukturala) garatu; biak ala biak, gainera, gaur egunean indarrean diraute.

Lehen indusketak, eta metodo kartesiarra

Familia ateo eta ezkertiar batean jaio zen, eta, gaztetan, eskaut talde laikoetan aritu zen; bere burua bearnotar, iberiar-akitaniar, agot eta euskalduntzat zuen (COLMONT, 2019). 1938an, maisu-titulua atera zuen, eta irakasle izan zen Eskiulan. II. Mundu Gerran nazien kontra borrokatu zen, eta erresistentzian aritu zen makiei trebakuntza militarra eta babesa emanez. 1940ko hamarkadatik aurrera, harreman handia izan zuen euskal ikertzaileekin: Eusko Jakintzaren, Ikuska institutuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen kide izan zen, eta Joxe Migel Barandiaranekin harreman estua izan zuen, pentsaera desberdina izanik ere [1].

Poeymaoü aztarnategia (Arudi), 1950eko hamarkadan. Laplace goian, ezkerrean dago. Argazkian ageri dira halaber: Georges Laplace (aita), Henriette Jauretxe, François Bordes, Denise Sonneville-Bordes... Arg. Geneviéve Marsan artxiboa

1947an, Montmaurineko indusketetan parte hartu zuen, Louis Méroc-ekin, zeina bere irakaslea baitzen Tolosako Unibertsitatean eta Société Meridionale de Spéléologie et de Préhistoire (SMSP) elkartearen sortzaileetako bat. Urte berean, Olha II izeneko harpean (Kanbo) aztarnategia aurkitu zuen, eta Barandiaranekin elkarlanean hasi zen SMSP elkartearen Pyrénées Occidentales sailean (SMSPPO). 1948an, Tute de Carrelore kobazuloan (Ossau) aztarnak geografikoki kokatzeko koordenatu kartesiarren metodoa garatu zuen, Mérocen sistema hobetuz; hala, bere lehen idazlana argitaratu zuen (LAPLACE-JAURETCHE, 1949a; lehen lanetan, Marie-Henriette Jauretxe bere lehen emaztearen abizena erabili zuen). 1949an, Olhako harpeko (Kanbo) lanak hasi zituen, eta 1961 arte luzatu ziren.

Laplaceren ibilbide arkeologikoa espeleologia-taldeetan hasi zen; artean, paleolitoa haitzuloekin ezinbestean lotutako ikergaia baitzen. 1950eko udaberrian, Etxeberriko harpean (Gamere-Zihiga) galeria berriak aurkitu ziren, eta haiek ikustera, Maule, Oloroe eta Paueko espeleologoak etorri ziren, tartean Laplace bera; orduan aurkitu zuten bertako labar-artea. San Martin Harriko Espeleologia Taldeko kideekin ere harremana izan zuen: 1950ean, Etxeberrin, ezagutu zuten elkar, eta 1952an, Laplacek aktiboki hartu zuen parte Marcel Loubensek izandako istripu baten erreskate-lanetan. Baina Laplacek laster sakondu zuen arkeologia-arloan, espeleologoen jardueratik urrunduz.

Laplaceren ibilbide zientifiko ezohikoa

Laplaceren ezaugarri nagusiak izan ziren autoritate-argumentua ukatzea eta teoriak etengabe berraztertzea: "Zalantzarik gabe, gure ideia zientifikoen multzoa adierazten duten teoriak ezinbestekoak dira zientzia adierazteko. (...) Baina teoria eta ideia horiek ez dira inondik inora egia aldaezina, eta, beraz, beti egon behar dugu prest haiek uzteko, aldatzeko, errealitatea azaltzen ez duten heinean" (LAPLACE, 1966). Bestalde, hierarkia akademikotik eta metropolietatik urrun mantendu zen, bere ibilbidearen zatirik handiena Bearno inguruan bertan eginez.

Laplacek amateur / profesional kontzeptuekiko jarrera aldatu zuen urteetan zehar. Bere ibilbidea elkarte zientifiko amateurretan hasi zuen: 1947 inguruan SMSPPOn, eta 1948an Société Préhistorique Françaisen (SPF). Baina, 1949an, arkeologoen prozedurak hobetu beharra zegoela aldarrikatu zuen, amateurismoaren kontra eta profesionaltasunaren alde agertuz (LAPLACE-JAURETCHE, 1949b). Hitza hitz, 1950ean, Centre National de la Récherche Scientifique erakundean (CNRS) alboko ikertzaile gisa sartu, eta maisutzan eszedentzia eskatu zuen; 1951n, elkarte zientifiko gehienekin hautsi zuen. Ez guztiz, halere; 1953an, Paueko Société des Arts, Lettres et Sciences-en sartu baitzen, eta eskualdeko SPFko kideen bilerak bultzatu zituen. 1961ean doktoretza-tesia aurkeztu zuen: Europako historiaurrea industria litikoaren ikuspegitik aztertu zuen, tartean Euskal Herri inguruko hainbat aztarnategitakoa. 1966an, Alberto Brogliorekin batera, tipologia analitikoan oinarritutako ikertalde bat bultzatzen hasi zen. Ordurako, Laplaceren jarrera nabarmen aldatua zen, zenbait arkeologo profesionalen prozedura amateurrak kritikatzeraino [2].

1968an, bere tipologia analitikoaren lehen eguneraketa egin zuen, eta CNRSen Ikerketa Maisu mailara igo zen. Horrek askatasuna eman zion ikerketa-lerroak aukeratzeko, dirua bilatzeko eta proiektuak zuzentzeko: ahalmen hori bere ikerketa-zentro propioa eratzeko erabili zuen. Arudiko Udalak utzitako XVIII. mendeko etxe batean, Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri eratu zuen, erreferentziazko ikerketa-zentro famatu izatera iritsiko zena. 1969tik aurrera, urteroko bilerak antolatu zituzten bertan tipologia analitikoari buruz, eta, 1973tik aurrera, Dialektikê. Cahiers de typologie analytique aldizkaria argitaratu zuten [3]. Laplacek 1983an erretiroa hartu bazuen ere, urteroko mintegi hauek antolatzen eta aldizkaria argitaratzen jarraitu zuen 1989ra arte. Arudiko ikerketa-gunea ezohikoa izan zen: orduko arkeologiaren antolakuntza autoritarioaren aldean, talde-lana eta norbere kabuz pentsatzeko askatasuna bultzatzen baitzuen (PLUTNIAK, 2017).

1969an, Lyoneko Centre de Paléontologie Stratigraphique-ren partaide ere bihurtu zen Laplace, eta 1974ra arte jardun zuen lankidetzan, orduan kargu hartu baitzioten bere kasa ibiltzeko joerarengatik: "Jakin behar duzu epeak, arauak, inprimakiak daudela, eta zuk ez duzula ezer bete; eta hori ez dela ikertzaile heldu baten aldetik onar daitekeen portaera. (...) Horrek erakusten du, beste behin ere, ez dituzula betetzen ikerketa-egitura ofizial baten betekizunak" [4]. Erantzunean, Laplacek bere askatasunaren aldeko aldarria berretsi zuen: "«Ikertzaile bakartua, ni?» Ez; ikertzaile autonomoa naiz, ikertzaile independentea, ikertzaile librea, nire ikerketak bezalakoa, ugazabei eta haien klientelismoari kasurik egiten ez diena, kideekin lasai lan egiten duena, gora egiteko asmorik gabe. Paleontologia Estratigrafikoko Zentroak ohore egin dit ateak ireki dizkidanean, gizon aske baten portaerak Zentroari ohore egin dion modu berberean. Gora azkatasuna!" [5].

Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri guneko udako mintegi batean, Jesus Altunarekin. Arg. Michel Livache/Geneviéve Marsan

1971n, bere Tipologia Analitikoaren bigarren eguneraketa argitaratu zuen, eta Université de Pau et des Pays de l'Adour sortu berrian irakasten hasi zen. 1974an, Morellan (Castelló) I Coloquio Internacional de Prehistoria gidatu zuen; Francoren diktadurako paleolitisten panorama atzeratuan astindu handia eragin zuen bilera hark. 1978an, CNRSn Ikerketa Zuzendari bihurtu zutenean, Laplaceren kritika oraindik gehiago zorroztu zen: "Ikerketa egiten duten instituzioak hierarkia astun, menperatzaile batek zuzenduak daude; hori hierarkia sozialaren isla da, hierarkia erlijiosoaren eta Erdi Aroko instituzio unibertsitarioen oinordekoa, (...) zeinak eskuarki berritasuna ukatzen eta gogogabetzen duen, hartaz jabetzeko esperantzan onartzen ez duenean behintzat. Horiek al dira zuk aipatutako profesionalak?" [6].

1983an, Laplace Ohorezko Ikerketa Zuzendari izatera pasatu zen CNRSn, eta erretiroa hartu zuen. Halere, 1983, 1985 eta 1986an, mintegiak eman zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen. 1999an, Frantziako Gobernuaren aldetik,  Ohorezko Legioaren Zaldun izendatu zuten, bere bizitzako ibilbidearen aitortza gisa; handik bost urtera hil zen.

Tipologia analitiko eta estrukturala

Georges Laplace eta Delia Brusadin Gatzarriako harpean (Ozaze-Zühara). Arg. François Lévêque/50 ans d’archéologie en Soule. Hommage à Pierre Boucher (1909-1997). Ikerzaleak 7. Maule.

Paleolitoko aztarnategietan eginiko lanetan, eta materialismo dialektikoan oinarrituz, tresnen ezaugarrien analisi hierarkizatuaren araberako sailkapena garatu zuen Laplacek. Lehen aipatutakoez gain, Euskal Herrian aztarnategi gehiago ere aztertu zituen: Sasiziloaga eta Gatzarria (Ozaze-Zühara), Harregi (Altzürükü), Üztarbe (Larraine), Otsozelaia / Haristoi eta Erberua (Arberua)...

1953-1958 artean, Frantziatik kanpo egin zituen ikerketa gehienak: Aljeriako eta Tunisiako aztarnategietako tresna litikoen tipologian sakondu zuen, eta metropolian baino giro adeitsuagoa aurkitu zuen arkeologoen artean. Izan ere, frantziar komunitate arkeologikoan ez zen onartzen Laplaceren proposamena, zati handi batean bere oinarri marxistarengatik. 1956an, berriz,  Erromako École Françaisen sartu zen, eta Afrika Iparraldeko eta Italiako aztarnategien parekotasunak aztertzen hasi zen. Laplaceren metodoak arrakasta handia izan zuen Italian, batetik Laplacek aukera izan zuelako elkarren etsaiak ziren arkeologoen bildumak aztertzeko (italiar batentzat ezinezkoa zena), eta, bestetik, Italian arlo horretan zegoen hutsunea bete zuelako Laplaceren tipologiak. Urte haietan, Henriette Jauretxerengandik dibortziatu zen, Delia Brusadin arkeologoarekin ezkontzeko. École Françaiseren egoitzan lehen arkeologo izatera iritsi bazen ere, 1958an Frantziara itzuli zen; baina han ez zuen ia bidaiderik aurkitu bere teoriak aurrera eramateko, eta hurrengo urteetan bakarturik lan egin zuen.

60ko hamarkadan, Laplaceren tipologia analitikoarekiko interesa sortu zen hainbat herrialdetako ikertzaile gazteen artean; 1968tik aurrera, baita Frantzian ere. Haren presentzia gero eta ohikoago bihurtu zen mundu akademikoan, landa-lanak utzi gabe: 1972-1977 artean, Olha II aztarnategian aritu zen; 1978an, Erberuako ikertaldearen buru izan zen; eta erretiroa hartu ostean ere, 1984an, Izturitzeko Gela Handiko zutabeko behe-erliebeak berraztertu zituen Ignacio Barandiaranekin batera.

Denborarekin, Laplaceren Tipologia Analitiko eta Estrukturalak ibilbide propioa egin du, egilea bera gainditzeraino. Ikusi da sistema hori material litikoez harantzago heda daitekeela eta, Laplace 2004an hil ostean ere, askotariko sistemak aztertzeko erabili izan da, hala nola hezur-aztarnak, estratigrafia eta ornodun handien ustiapena(ESTÉVEZ, 2015).



[1] “Laplace-Jauretxe eta bere emaztea etorri zitzaieak. Biak komunisten alderdiari utzi diotela esan zeaia; bañan komunista direla. Alderditik atera direla, alderdiko lagunek ongi joka ez direlako; beren iritzia eta beren buruzagiak jainko bezala dauzkatelako; eta bere sinismenen alde gezurra eta gaiztakeria ontzat dabiltzkielako. Etxeberriko karbiari buruz egin duen lana gure aldizkarian agertzeko, amabost edo ogei milla libera bear ditugula esan zoat Laplace’ri”. (BARANDIARAN, 2009).

[2] Sonneville-Bordesi eginiko kritika. Henri Delporteri idatzitako gutuna, 1967ko azaroaren 15a.  Laplace funtsa, Musée National de Préhistoire, Les Eyzies–de–Tayac.

[3] Laplaceren jarraitzaileek Dialektikê aldizkariaren ale berezi bat atera zuten 2006an, hil osteko omenaldi gisa.

[4] Louis Davidek Laplaceri idatzitako gutuna, 1974ko martxoaren 15a. Laplace funtsa, Musée National de Préhistoire, Les Eyzies–de–Tayac.

[5] Azken bi hitzak (sic) euskaraz daude Laplaceren frantsesezko testuan. Louis Davidi idatzitako gutuna, 1974ko martxoaren 21a. Laplace funtsa, Musée National de Préhistoire, Les Eyzies–de–Tayac.

[6] Jean–Georges Rozoy-ri idatzitako gutuna, 1982ko irailaren 16a.

 

Bibliografia:

BARANDIARAN, José Miguel. 2009. Diario Personal. Volumen II (1936-1953). Durante los años de su exilio en el País Vasco Continental. José Miguel de Barandiaran Fundazioa. Colección Sara 8. Ataun.

COLMONT, Gérard. http://colmont.wifeo.com/georges-laplace-sa-carriere.php Arkeologoaren webgune pertsonala, 2019ko urriaren 9an kontsultatua.

ESTÉVEZ, Jordi. 2015. "Arqueozoología analítica. Otro ejemplo práctico derivado de la obra de Georges Laplace". Pp:48-60. In: CALVO, Aitor. SÁNCHEZ, Aitor. GARCÍA-ROJAS, Maite. ALONSO-EGUÍLUZ, Mónica. (Eds.) 2015. Seis décadas de Tipología Analítica. Actas en homenaje a Georges Laplace. 13, 14 y 15 Noviembre 2012, Vitoria-Gasteiz. Grupo de Investigación en Tipología Analítica.

LAPLACE, Georges. 1966. "Recherches sur l’origine et I’évolution des complexes leptolithiques". These École Française de Rome. Mélanges d’Archeologie et d’Histoire, Suppléments 4(XII). 586 pp. Ed. De Boccard, Paris.

LAPLACE-JAURETCHE. Georges. 1949a. "Gisement Azilien de la Tute de Carrelore, à Lurbe (B-P). Découvertes et Outillages". Société Méridionale de spéléologie et de Préhistoire, p:227-236.

LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1949b. "Prospections et fouilles". Eusko-Jakintza. Revue d’Études Basques 3:466–470.

PLUTNIAK, Sébastien. 2017. "The Professionalisation of Science – Claim and Refusal: Discipline Building and Ideals of Scientific Autonomy in the Growth of Prehistoric Archaeology. The Case of Georges Laplace's Group of Typologie Analytique, 1950s–1990s". Organon 49:105-154.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia