Genoma txikia, hegan egiteko
2007/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oro har, hegaztien genoma ugaztunena eta narrastiena baino txikiagoa da. Itxuraz, horrek zerikusia du hegan egiteko ahalmenarekin; baina nola? Zein da kausa eta zein ondorioa? Hegan egiteak txikiago bilakatzen du genoma, edo genoma txikia zutelako egiten dute hegan? Paleontologo batzuek aurkitu dute aukera zuzena bigarrena dela, hau da, eboluzioan, hegaztiak hegan hasi baino lehen txikiagotu zela genoma.
Hori jakiteko, hegaztien arbasoen fosilak aztertu zituzten, dinosauro batzuk alegia, haien hezurretan ikus daitekeelako genoma txikia edo handia zuten. Genoma bera ez da fosiletan ikusten, baina zelulen tamaina bai; eta genoma txikia dutenek zelula txikiak garatzen dituzte. Hain zuzen ere, fosiletan ikusi dute hegaztien arbasoek zelula txikiak zituztela. Are gehiago, zelulak txikiago bilakatu zirela eboluzioaren une batean, hegaztiak agertu baino 60 milioi urte lehenago. Zientzialarien ustez, hegaztien arbasoetan genomaren zati errepikakorrak desagertu ziren, eta, ondorioz, zelulak txikitu egin ziren.
Zelula zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta azalera handiagoa dute barruko bolumenarekiko. Horrek eragin handia du zelulen mintzaren jardueran: molekulak azkar sartu eta irteten dira zelulatik, eta metabolismo azkarra lortzen da. Gaur egungo hegaztietan argi ikusten da hori guztia, batez ere, hegan egiteari utzi ez diotenetan. Ostrukek, adibidez, hegazti hegalariek baino genoma handiagoa dute. Argi dago hegan egiteko genoma arina izan behar dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia