Geneen deuseztapena, eboluzionatzeko beste bidea
2001/09/17 Elhuyar Zientzia
Eboluzioak beti izan du guretzat aurrerapen-zentzua. Hori dela eta, organismoen konplexutasuna handitzea balitz bezala ulertzen dugu eboluzioa, hala nola gene berriak eskuratzea. Baina beti ez dio bide horri jarraitzen eboluzioak: sinpletasuna ere aurrerapena izan daiteke. Hala ikusi dute, behintzat, Rickettsia prowazekii bakterioaren kasuan.
Azken finean, R. prowazekii bezalako bakterio txiki batentzat, behar ez duen gene bat mantentzea energetikoki oso garestia da. Beraz, bakterio batek txoko ekologiko berri batean moldatu behar duenean, infekzioaren eraginkortasuna hobetzeko modu bat izan daiteke beharrezkoak ez dituen geneen deuseztapena.
Bakterio horrek intsektuak ditu berezko ostalari, eta horien bitartez gizakiarengana eta beste hainbat animaliengana pasa daiteke. Zientzialariek ikusi dutenez, bakterioaren hainbat genek soilik partzialki funtzionatzen dute, eta iraganean funtzionalak izan zirela pentsatu dute, gerora degradazio-prozesua gertatu bada ere.
Degradazioaren ondorio izan den jakiteko, bakterioa bere antzekoa den Rickettsia conorii-rekin konparatu dute Marseillako Medikuntza Eskolako Didier Raoult-ek eta bere lankideek. Bi espezieak arbaso beretik eratorritakoak dira, baina duela 40-80 milioi urte urrundu ziren elkarrengandik. Horien sekuentzia genetikoak konparatuta, desberdintasun nabariak ikusi dituzte. Batetik, R. prowazekii-k base-pare gutxiagoko genoma dauka, txikiagoa beraz; baina, gainera, genoma txikiago horri dagozkionak baino gene gutxiago dauzka: R. Conorii-k 1374 gene funtzional ditu eta R. prowazekii-k 834 baino ez. Badirudi galtze-prozesu baten ondorio dela, R. prowazekii-n, R. conorii-k badituen 229 generen arrastoak aurkitu baitituzte.
Hala ere, badirudi geneen galera oso prozesu graduala dela, bakterioetan galtze horren hainbat bitarteko egitura ikusi baitituzte. Aurkikuntza horrek bi gauzatan lagunduko du: eboluzioa beste era batean ulertzen, eta geneen degradazioa nola gertatzen den ikusten, hori izan baitaiteke, aldi berean, geneetan funtzio-aldaketak eragiteko modu bat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia