}

Geneek ez dute guztiaren erantzuna

2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txinpantzearen eta gizakiaren arteko ezberdintasunak zein diren jakiteko abiarazitako ikerketa baten ondorioak plazaratu dira orain dela gutxi. Dirudienez, gizakiaren eta bere ahaide hurbila den txinpantzearen arteko ezberdintasunak geneekin baino gehiago horien adierazpenarekin dute zerikusia.

Gizakiaren eta txinpantzearen genomen arteko ezberdintasuna % 1,3koa bakarrik da, baina, argi dagoenez, nahiko espezie ezberdinak dira, bai itxuraz bai portaeraren aldetik. Beraz, zer dago ezberdintasun horren oinarrian?

Badirudi garuneko geneen adierazpenean dagoela gakoa: txinpantzearen eta gizakiaren odoleko eta gibeleko zeluletan antzekotasun handiak dauden arren, garunera joz gero espezie batek bestearekin inongo antzekotasunik ez duela ikusi da. Espezie bakoitzaren garunaren aktibitatea oso ezberdina omen da.

Geneak noiz eta nola adierazten diren oso garrantzitsua da, nonbait, eta ikertzaileek uste dute hortik abiatuta ugaztun-espezieen arteko ezberdintasunak zein diren azaldu ahal izango dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia