}

Geneak kopiatu, flageloak garatzeko

2007/04/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bakterioak oso bizidun sinpleak dira. Oro har, globulu- edo makila-itxurako zelula batez osatuta daude. Baina espezie batzuek egitura espezializatu bereziak dituzte: flageloak. Isats moduko egitura luzeak dira; bakterioei mugitzen laguntzen diete, eta, kasu batzuetan, bakterioaren infekzio-prozesuan parte hartzen dute. Morfologiaren ikuspuntutik, bakterioetan agertzen diren egitura espezializatuenetakoak dira. Hain zuzen, egitura horiek eboluzioan nola garatu ziren aurkitu dute Arizonako Unibertsitateko biologo batzuek.

Gakoa gene baten errepikapena da. Flageloak osatzeko gene berririk ez zen sortu bakterioan, baizik eta bakar baten kopiatik garatu ziren egitura horiek. Hain zuzen ere, 24 geneko multzo bat agertzen da ikertutako flagelodun bakterio guztietan, eta multzo hori ez da azaltzen flagelorik ez dutenetan. 24 geneak oso antzekoak dira, eta, horregatik, ondorioztatu dute gene bakarraren kopiak izan zirela, eta, gero, eboluzioan, gene bakoitza espezializatu egin zela, aldaketa txikien bitartez.

Argazkia: NRC.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia