Elhuyar zientziaren komunikazioa

Geneak aldatuz, kirolari perfektuaren bila

2003/08/24 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Nazioarteko kirol-norgehiagoken maila zalantzan jarriko du dopin genetikoak. Baina, zer da dopin genetikoa? Eta zer da komunikabideetako kirol-saioetan ohiko bihurtzen ari den dopin hitza? Nola dopatzen dira kirolariak?

Dopin genetikoa poliki-poliki ateak irekitzen ari da.

Dopina eta geneak elkarturik? Bai horixe. Bi horien konbinaziotik sortu den dopin genetikoak zeresana emango du etorkizunean, poliki-poliki ateak irekitzen ari baita. Zertan oinarritzen da dopatzeko metodo berri hau? Labur-labur esanda, bere helburua geneen bitartez kirolariaren errendimendua handitzea da. Hau da, gene jakin batzuk txertatuz, ezaugarri genetiko horiek berez ez dituzten kirolariei erresistentzia eta abiadura handitzen lagunduko lieke. Izan ere, genetika arloan egin diren aurrerapenek erakutsi dute geneek ere zeregin erabakigarria dutela alderdi horretan. Ez al diozue horri gene-terapiaren usainik hartzen? Azken finean, kirolariaren ezaugarri fisiologikoak aldaraz ditzaketen geneak txertatzen ari dira zelularen genoman.

Oraindik ikertzen ari dira, baina dopin genetikoa gauzatuz gero, ezinezkoa izango da gaur egungo dopin-kontrolekin detektatzea.

Kirolari bat genetikoki dopatzeko prozesua oso konplikatua bada ere, modu sinple batean azalduz hauek lirateke prozesu horretan egin beharreko urratsak: Lehendabizi, kirol-mota bakoitzaren errendimenduarekin erlazionatuta dauden geneak identifikatu eta aukeratu beharko lirateke, eta genea isolatu eta laborategian sintetizatu; ondoren, genea substantzia garraiatzaile batean txertatuko lukete. Aldi berean, biopsia bidez, medikuek kirolariaren zelulak erauziko lituzkete, laborategian hazi eta manipulatzeko. Izan ere, zelula horietan txertatuko lirateke gene dopatzaileak. Azkenik, zelula eraldatuak injektatuz, material genetiko berridun zelula horiek kirolariaren organismora moldatuko lirateke.

Hartzen diren hainbat pilula eta botikak albo-ondorio arriskutsuak dituzte.

Horrenbestez, zientzialariek kirolari perfektua osatzeko geneak identifikatu nahi dituzte: arnasketa bikainarekin, gorputzaren osaketa bereziarekin, hau da, hitz gutxitan esanda, beharrezkoa denean garaipena lortzeko moduko gorpuzkerarekin. Hori bai zortea! Edo zoritxarra?

Norberak atera ditzala bere ondorioak. Izan ere, epe motzean aterako dio seguruen etekinik baina luzera, argi dagoenez, kalte egin diezaioke. Hain zuzen ere, medikuntzan gaitzen bat sendatzeko geneak erabili badira ere, ikerketa-fasean dagoen metodologia da eta oraindik zailtasun handiak dauzka fase hori gainditzeko. Adibidez, oraindik ez da aurkitu terapiarako erabili nahi diren geneak pazientearen DNAn txertatzeko modu erraz eta segururik. Gehien zabaldu den teknikan birusek garraiolari-lana egiten dute.

Baina metodo hori ez da guztiz segurua, DNA katearen edozein tokitan txertatzen baitute genea. Inoiz gertatu da, bide batez eragin kaltegarria duten beste gene batzuk aktibatzea. Horren adibide da Frantzian gene baten gabezia zuten burbuila-haurren kasua. Gaixotasun horri aurre egiteko asmoz, haur horiei falta zuten genea sartu zieten eta azken horrek hurbil zegoen onkogene bat aktibatu zuen; ondorioz, haurretariko bik leuzemia garatu zuten. Adituen aurreranzko erronka oztopo horiek gainditzea izango da.

Baina, zer da dopina?

Atletismoan ez ezik, dopina kirol guztietan zabalduta dago.

Baina zer esan nahi du komunikabideetako kirol-saioetan ohiko bihurtzen ari den dopin hitzak? Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren esanean, dopina, gaur egun, errendimendu fisikoa hobetzeko gorputzarentzat arrotz diren substantziak hartzea, edo arrotz ez direnak ezohiko metodoz hartzea da. Arrazoi etikoak eta sortzen dituen osasun-arazoak direla medio, kirolean dopina debekatuta dago. Izan ere, lehiatzean kirolaren oinarrietako bat parekotasuna da, eta dopinak parekotasun hori hautsi egiten du. Bestetik, epe motzean giza gorputzaren errendimendua hobetzen badu ere, luzera kaltegarritzat jotzen da, hartzen diren hainbat produktuk albo-ondorio arriskutsuak dituztelako.

Beraz, substantzia edo metodo bat dopintzat hartzen da baldin eta: gizakiarentzat substantzia arrotza edo ezohikoa bada edo dosian hartu bada, errendimenduan behin-behineko hobekuntza eragiten badu eta osasunerako kaltegarria bada. Azken baldintza da gorabehera gehien eragiten dituena debekatuta dauden substantzien zerrenda osatzerakoan. Izan ere, benetan zaila da kaltegarria zer den zehaztea, epe luzera begiratu nahi bada batez ere. Substantzia askoren ondorioak ezezagunak zaizkigu, ez delako horiei buruzko azterketa sakonik egin eta, gainera, egin diren ikerketa askok datu kontrajarriak eman dituztelako.

Dopin genetikoa garatzeko egin beharreko laborategiko lana ez da batere erraza.

Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren Batzorde Medikoak zerrenda bat argitaratzen du dopinarekin lotuta. Zerrenda horrek hainbat maila biltzen ditu: dopatzeko produktuak, dopatzeko metodoak eta debekatutako substantziak. Dopatzeko produktuen artean, kanabisa eta alkoholaz gain, analgesiko narkotikoak, bizigarriak, beta-blokeatzaileak, diuretikoak, esteroide anabolikoak eta hormonak daude, besteak beste. Odol-transfusioak, farmakoak eta drogak ere, besteak beste, errendimendua handitzeko erabiltzen dira. Azkenik, debekatutako substantzien artean, dagoeneko aipaturiko asko eta asko sartuko lirateke.

Nahiz eta askotan dopinari buruz hitz egitean kirol jakin batzuk soilik aipatzen diren, argi dago kirolari bakoitzak ondoen datorkion lagungarriak aurkitzeko aukera duela. Izan ere, landu beharreko gorputz-atalak asko aldatzen dira kirol batetik bestera.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia