}

Gene-terapiarako bektoreen segurtasun-eza

2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaixoak gene-terapiaren bidez tratatu ahal izateko, gene onuragarriak sartuko dituzten eramaile edo bektore seguruak behar dira. Orain arte uste zenaren arabera, arrisku gutxien zuten bektoreak adenobirus jakin batzuk ziren. Izan ere, adenobirusek eragindako infekzioak ohikoak dira gizakietan eta ez dute gaixotasunik sortzen.

Alabaina, Nature Genetics aldizkarian argitaratu den lan batean, bektore horien ziurtasuna zalantzan jarri da. Washingtongo Unibertsitateko genetistek adenobirusen eragina ikertu zuten ikerketetan sarritan erabiltzen diren minbizi-zeluletan. Zelulen kromosometan, bai falta ziren geneak bai birusak sartutakoak detektatu zituzten.

Horrela, bat egitean bi kromosoma kaltetu egin zirela ikusi zuten. Oraindik ez dakite asaldura horrek minbizia sortzeko arriskua dakarren ala ez, baina, ikerketaren ondorioz, badirudi adenobirus horiek ez direla beste bektoreak baino seguruagoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia