}

Gene-terapiako metodo seguruagoa

2002/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gene-terapiak itxaropen asko piztu ditu.

Oraindik, baina, ez da aurkitu terapiarako erabili nahi diren geneak pazientearen DNAn txertatzeko modu erraz eta segururik. Gehien zabaldu den teknikan birusak erabiltzen dira garraiolari-lana egin eta genea DNAn txerta dezaten. Metodo hori, ordea, ez da guztiz segurua, DNAren edozein tokitan txertatzen baitute genea, eta gerta liteke eragin kaltegarria duten beste gene batzuk aktibatzea bide batez.

Orain, AEBetako Standford Unibertsitatearen Medikuntza Zentroan, gene-terapiako beste teknika bat probatu dute. Hain zuzen, bakterioen birusek (bakteriofagoek) erabiltzen duten teknika kopiatu dute. Bakteriofagoek, beren genea bakterioaren kromosomaren toki zehatz batean sartzeko, proteina bat egiten dute.

Proteina horrek integrasa izena du, eta gizakietan ere horrelako proteinak badaudela ikusi dute ikertzaileek. Gainera, giza zeluletan, gene terapeutikoarekin batera, integrasa kodetzen duen genea ere sartutakoan, integrasak gene hori gizakiaren DNAn sartzen duela frogatu dute. Saguekin ere egin dituzte probak, eta emaitzak onak izan dira. Bide berri horrek zer ematen duen ikusi egin behar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia