}

Gene-terapia joko olinpikoetan

2001/11/30 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Puntako kirolariek erresistentzia eta abiadura handitzeko gene-terapia erabil dezaketela ohartarazi dute Londresen izan berri den Geneak kirolean biltzarrean.

Gene-terapia gaixotasunak tratatzeko asmoz sortu zen duela hainbat urte. Gaixotasun asko geneetan gertatutako mutazioen eraginez sortzen dira, eta zeluletan gene aproposa sartuz epe laburrean gaixotasunak sendatzeko aukera izango dela uste dute adituek.

Potentzial handiko teknika da, berez edozein gene txerta baitaiteke zelularen genoman; baita kirolariaren ezaugarri fisiologikoak aldaraz ditzaketen geneak ere. Izan ere, puntako kirolariek aldekoak zaizkien aldaera genetikoak izaten dituzte maiz –ohikoa baino odol zelula gorri gehiago sortzea eragiten duena, esaterako-. Hortaz, ezaugarri genetiko horiek berez ez dituzten kirolariei gene horiek txertatzeak erresistentzia eta abiadura handitzen lagunduko lieke.

Antzeko adibidea da ACE genea. Gene horrek muskulu-zeluletan oxigenoaren eta elikagaien sarrera sustatzen duen entzimaren ekoizpenean eragin zuzena dauka. Gene polimorfikoa da, hau da, aldaera bat baino gehiago dauzka: I eta D aleloak. Baina 8.000 metrotik gora oxigeno-botilarik gabe ibili izan diren goi-mendizaleei proba egin zitzaien eta ikusi zen denek zituztela II edo ID konbinazioak beren kromosometan; inoiz ez DD. Beraz, I aleloko genea txertatzea oso baliagarri litzaioke goi-mendia helburu duen edozein kirolariri.

Hori dela eta, biltzar zientifiko horretan parte hartu duten adituek 2012ko joko olinpikoetan kirolariren batek teknika horiek erabiltzeko arriskua ikusi dute, eta hori antzemango duen testa garatu beharra dagoela nabarmendu dute. Batzorde Olinpiko Internazionalak ere horren inguruan kezka azaldu du, eta aholkularitza-talde bat martxan jartzeko asmoa duela adierazi du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia