Gene-kopurua: ezjakintasunaren kronika
2002/02/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zenbat proteina kodetzen ditu giza genomak? Garai batean seriean egindako sekuentziazioa hasi baino lehen, 100.000 inguru izan zitezkeela aipatzen zen. Informazio horrek milaka liburu beteko lituzke paperean idatziz gero. Dena dela, biokimikariek 'gehiegizko informazioa' zegoela aurkitu zuten, hau da, genomaren zati handi batek ez zuela proteinarik kodetzen. Proteina bat kodetzen duen genoma-zatiari gene deritzo. Orduan, zenbat gene ditu giza genomak?
Iaz, giza genoma osoaren sekuentziaren zirriborroa bukatu zutenean, datu aipagarrietako bat hauxe izan zen: adituek uste zuten baino askoz gene gutxiago daude. 30.000 inguru izan daitezkeela esan zen komunikabide guztietan; hortik, gainera, ehunka balorazio idatzi ziren gizakien eta Drosophila melanogaster euliaren gene kopuruak konparatzearen ondorioz, besteak beste. Gene batek proteina bat baino gehiagoren informazioa gorde dezakeela ere esan zuten zientzialariek.
Emaitza horiek lortzeko , geneen sekuentziak detektatzeko programa informatikoak erabili ziren. Orain, Victor Velculescu biokimikari estatubatuarraren taldekoek beste estrategia bat erabili dute geneak zenbatzeko, eta emaitza ez da berdina. Isolatutako ARN molekulen bitartez saiatu dira gene-kopurua iragartzen, eta 70.000 ingurukoa izan daitekeela ikusi dute.
Kopuru hori oso aldakorra da ikerketatik ikerketara. Beraz, proteomaren ikerketa sakona bukatu arte, gure ezjakintasuna onartu beharko dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia