Gene bera hizketarako eta ekolokaziorako

Dirudienez, gizakiak hitz egiteko beharrezkoa duen genea lotuta dago saguzar batzuen ekolokazioarekin, hau da, inguruko objektuak hautemateko eta ehizarako erabiltzen dituzten maiztasun handiko soinuak igortzeko gaitasunarekin. Genea FOXP2 da, eta adituek uste dute ugaztunen soinu bidezko komunikazioaren eboluzioan ezinbesteko lekua izan duela.

Gene horren ikerketak ez du etenik izan azken hamarkadan. Hizketa- eta hizkuntza-arazoekin lotu zuten 2001ean. 2002an, hizketarako gaitasunaren eboluzioarekin lotu zuten. Eta 2005ean ikusi zuten gene hori ez zuten saguak ez zirela gai ultrasoinu bidez komunikatzeko.

Bada, ikerketa horiek irekitako bidean, FOXP2 genea osorik sekuentziatu dute 13 saguzar-espezietan, beste 23 ugaztunetan, bi hegaztitan eta narrasti batean. Espezie horietako bakoitzaren geneak dituen mutazioetan jarri dute arreta; eta genearen mutazio jakin batzuk ekolokazioarekin lotuta daudela ikusi dute.

Argazkia: Rhinolophus rex espezieko ferra-saguzarra (S. Rossiter).

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali