Gene akastunak 'isilaraztea' lortu dute
2003/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Geneak binaka daude; bata amagandik jasotzen da eta bestea aitagandik. Batzuetan, nahikoa da bietako batean akats bat egotea, gaixotasun bat garatzeko. Orain, gene normalari eragin gabe, gene akastuna ez espresatzeko modua aurkitu dute ikertzaileek.
Ikerketa AEBetako Iowako Unibertsitatean egin dute, eta, egunen batean, geneen akatsen ondorioz sortzen diren hainbat gaixotasun tratatzeko erabili ahalko dela uste dute, hala nola, minbizia, birusek eragindako gaixotasunak, Huntington-en gaitza eta honen antzeko gaitz genetikoak. Hori bai, aurrena gaitza eragiten duen gene erruduna aurkitu behar dute.
Gene akastuna espresatzea galarazteko, RNA berezi batean, RNA interference-an, oinarritutako teknika erabili dute ikertzaileek. RNA txiki horrekin, mutatutako genea blokeatzea lortu dute, gene normalean inolako aldaketarik sortu gabe. Gainera, gene batean nukleotido bakarraren aldaketa antzemateko eta hor bakarrik eragiteko gai dela ikusi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia