}

Gehiegizko informazioa kaltegarria gidarientzat

2001/02/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gidariaren eskura konputagailua duten autoak dagoeneko ez dira zientzia-fikzioko asmakizunak, errealitatea baizik. Etorkizun hurbilean autoak eramango duten teknologiaren bidez jasotako gehiegizko informazioak izan ditzazkeen ondorioak neurtu nahian Estatu Batutako Oak Ridgeko Laborategi Nazionalean ikerketa bat burutu dute.

Ikerketa hori Garraio Saileko Ibilgailu Adimendunen Ekimenak bultzatua izan da. Ekimen honetako partaideek ibilgailuetan gidaria arriskuez ohartaraziko edo aukera onena gomendatuko luketen gailuen erabilera sustatzen dute. Hala ere, egoera jakin batzuetan kontrola gidariak hartu beharko lukeela diote, istripuak ekiditearren.

General Motors eta Ford Motor ibilgailu-enpresak ere beren azterketak egiten ari dira gai honi buruz, batez ere telefono mugikorraren erabilerak gidariengan eta zirkulazio-legedia ezartzen dutenengan sortutako kezkaren ondorioz.

Oak Ridgeko Laborategi Nazionaleko gidatze-simulagailuan ezarritako sistemak gaur egun erabil daitezkenak dira: telefono mugikorra, aurrez aurreko talkak saihesteko sistema, nabigazio-sistema eta Internetera konektatutako konputagailua. Aldi berean sistema bati baino gehiagori arreta jarri behar zaionean arazoak sortzen direla agerian utzi du ikerketak.

Proban parte hartu zuten gidarien gehiengoak nahiko era egokian gidatzeko gai izan ziren; emandako argibide eta aginteei jaramon egiteko gauza izan ziren bidetik atera gabe. Baina zenbait kasutan ez zuten guztia aintzat hartu eta zuzen gidatzen asmatu. Errealitatean gertatu izan balitz, istripua izango zuketen.

Ikerketaren zuzendariaren ustean, konputagailuren lana mezuak antolatzea izan beharko luke. Horrela, gidariari mezu bat jaso eta betetzeko denbora emango lioke hurrengo mezua edo agindua jakinarazi baino lehen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia