Gehiegi eta eraginkorregiak gara?
2015/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sortu zenetik izan duen hedapena eta hazkuntza aintzat hartuta, ez dago ukatzerik gure espezieak arrakasta izan duela. Habitat guztietara egokitzeko gai izan da, eta ahalmen ikaragarria erakutsi du tokian tokiko baliabideak ustiatzeko eta ingurua moldatzeko. Hala, beste edozein bizidunek baino gehiago eraldatu du planeta.
Hazkunde eta baliabideen ustiatze neurrigabeek, ordea, ondorio kaltegarri nabarmenak eragin dituzte: biodibertsitatearen galera, klima-aldaketa, baliabideak (energia, ura, elikagaiak) eskuratzeko gerrak eta migrazioak, pobrezia eta bereizkeria...
Egoera horri aurre egiteko, banakoek eta tokiko arduradunek hartutako neurriez gain, nazioarteko erakundeek ere egitasmo handiak jarri dituzte martxan, hala nola Milurteko Garapen Helburuak, Giza Eskubideen Munduko Biltzarra, Biodibertsitatearen Hitzarmena, Agenda 21 eta Kyotoko Protokoloa.
Guztiak ere asmo onekoak izanagatik, ez dituzte beren helburuak bete. Porrotaren arrazoien artean, batez ere bi azpimarratzen dituzte aditu gehienek. Batetik, herrialde jakin batzuen konpromiso-eza, eta, bestetik, konpondu nahi diren auziak elkar erlazionatuta ez baleude bezala jokatzea. Horren ondorioz, egitasmoak motz gelditu dira.
Hawaiiko Unibertsitateko Camilo Mora ikertzailearentzat, baina, huts egiteko arrazoien artean, bada bat ia inork aipatzen ez duena; are gehiago, Moraren ustez, huraxe da, hain justu, arrazoi nagusia: populazioari neurria hartzeko irtenbideak proposatzeari uko egin izana. Giza jardueraren eta biodibertsitatearen arteko harremana ikertzeko Camilo Mora Laborategiaren buru da, eta Ecology and Society aldizkarian berriki argitaratutako artikulu batean azaldu du bere iritzia (Revisiting the environmental and socioeconomic effects or population growth: a fundamental but fadding issue in moder scientific, public and political circles).
Ez dira aditu bakar baten hitzak soilik; Morak esandakoa berresten dute nazioarteko erakundeen zein ikertzaile independenteen datuek. Galtzeko arriskuan dauden espezie-kopurua handitzen doan bitartean, gure espeziak ez dio hazteari uzten. Are gehiago, azken hamarkadetan, hazkunde-erritmoa azkartu du: 1800. urtean 1.000 milioi izatetik, 7.000 milioi izatera igaro gara, eta, Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera (NBE), 9.600-12.300 milioi izatera iritsiko gara 2050ean, % 80ko probabilitatearekin. Baliabideak, berriz, mugatuak dira, eta ez dira denen artean berdin banatzen; horren adierazgarri da gaur egun 1.000 milioi baino gehiagok pairatzen dituztela muturreko pobrezia eta gosea.
Hazkunde etengabea
Aurretik egin dituzten aurreikuspenetan, adituak bat zetozen populazioa gutxi gorabehera 9.000 milioikoa izatera iritsiko zela mende honetan, eta orduan egonkortu egingo zela. Orain, NBEren aurreikuspenak ezeztatu egin ditu aurreko kalkuluak. Hain zuzen, populazioa mende honetan ez egonkortzeko % 70eko probabilitatea dagoela iragarri du.
Hazkunderik handiena Afrikan gertatuko delakoan dago NBE, populazioa laukoiztea espero baitu (gaur egungo 1.000 milioitik 4.000 milioi ingurura). Munduko beste leku batzuetan, aldaketa gutxiago espero ditu. Asiak, adibidez, 4.400 milioi biztanle ditu gaur egun, eta 2050. urtearen inguruan 5.000 milioi izatera iritsi eta gero populazioa galtzen hasiko dela aurreikusi du. Ipar Amerikak, Europak, Latinoamerikak eta Karibeak 1.000 milioi biztanle baino gutxiagorekin jarraituko dute bakoitzak.
Horren aurrean, Morak uste du gehiegizko populazioarekiko kezka “lausoegia” dela oro har, eta erakundeek ez diotela behar adina garrantzia ematen. Adibidez, artikuluan salatzen du Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Erakundeak (IPCC) ia ez dituela aipatu ere egiten populazio-hazkundea, familia-plangintza edo antzeko kontuak. Agintariek ere ez omen dituzte gehiegizko populazioa eta familia-plangintza aintzat hartzen, biztanleen osasuna eta ongizatea hobetzeko neurriak proposatzean.
Moraren esanean, “oso litekeena da superpopulazioa agenda zientifikotik kanpo egotea, neurri batean, jendeak gaiaz gutxi dakielako eta ez duelako interes handirik”. Gainera, interesa jaisten joan dela erakusten duten datuak ematen ditu: Estatu Batuetan, 1992an, biztanleen % 68k uste zuen populazioaren hazkundea premiazko arazoa zela; 2000. urtean, % 8k baino ez; eta azken inkestetan, azaldu ere ez da egiten. “Tamalez, jendearen interes mugatuak ekimen politiko mugatua dakar berekin”, dio Morak. Horren adierazle da nazioarteko diru-laguntzetatik familia-plangintzara bideratutako ehunekoa % 55etik % 5era jaitsi dela 1995tik 2005era.
Gaiarekiko interes-falta eta familia-plangintzako egitasmoetarako diru-laguntzen jaitsiera ikusita alde batetik, eta garatze-bidean dauden herrialdeetako populazio-hazkundeari erreparatuta, bestetik, Morak ez du sinesten munduko populazio berez egonkortuko denik. Gainera, ohartarazi du populazioaren hazkundea ez dela mugatzen garatze-bidean dauden herrialdeetara: dioenez, Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundeetan aurkeztu ziren hautagai batek baino gehiagok 5-7 haur zituzten. “Horrek erakusten du arazoa ez dela garatze-bidean dauden herrialdeena bakarrik, eta sakoneko arrazoiak ez direla soilik pobrezia eta hezkuntza-falta”.
Izan ere, leku askotan frogatu da, hezkuntza-maila igo, eta, bereziki, neskak eskolaratzea lortu ahala, neska gazteen lehen haurdunaldiaren adina hazi eta jaiotza-tasa txikitu egiten direla. Morarentzat, baina, hori ez da nahikoa populazioaren hazkundea mugatzeko, eta horren erakusgarri da Estatu Batuetako politikari aberatsen joera. Erlijioak horretan eragina izan dezakeela uste du Morak: Estatu Batuetan, 1970ko hamarkadatik aurrera, zientziarekiko konfiantza gutxitu egin da, batez ere elizara maiz joaten direnen artean. Horri abertzaletasuna gehitzen zaio: nonbait, beldur dira, haur gutxi izanez gero, herrialdeak ahalmen militarra eta teknologikoa galduko dituela. Beraz, populazioaren hazkundeari ezikusia egiteko arrazoiak uste baino sakonagoak dira, eta aldatzen zailagoak.
Gehiegi izatearen ondorioak
Superpopulazioarekiko eszeptizismoari aurre egiteko, dituen ondorioak nabarmendu ditu Morak, langabeziatik hasi eta galera ekologikora. Adibidez, datorren hamarkadan 640 milioi lanpostu faltako dira mundu osoan, Estatu Batuetako Errolda Bulegoaren arabera. Zor publikoa ere arazo izango dela aurreikusi dute. Ongizateari dagokionez, ez du zalantzarik populazioaren hazkunde azkarrak kalte baino ez duela egiten: gaixotasun infekziosoen hedapenari laguntzen dio, sexu-langile gehiago izatea ekartzen du, migrazioak bultzatzen ditu, gizarte-desorekak sortzen ditu... Bestalde, baliabideak agortzeak ere ondorio lazgarriak ekarriko ditu.
Zuzenean pertsonoi eragiten diguten alderdi horiez gain, gainerako bizidunei ere eragiten beste bi auzi ere aipatu ditu Morak: hondamendi ekologikoa, baliabideak agortzearekin zuzenean lotua, eta klima-aldaketa. Esaldi batek ederki laburbiltzen du Moraren iritzia: “behin betiko irtenbideak ez du eskatzen aztarna ekologiko txikiagoa izatea soilik, baizik eta baita aztarna edo oinatz gutxiago izatea ere”. Alegia, aztarna uzten dutenak ere gutxitu behar direla.
Hain justu, berriki argitaratu du bere azken txostena, bosgarrena, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Erakundeak (IPCC). Txostena egiteko, nazioarteko hainbat aditu independentek 30.000 ikerketa aztertu dituzte, eta haien ondorioak garbiak dira: gizakiak eragin zuzena du klima-aldaketan, eta ez bada geldiarazten, kalteak larriak, orokortuak eta atzerabueltarik gabekoak izango dira, bai pertsonetan bai ekosistemetan.
Ondorio horretara eraman dituzten datu ugariren artean, ñabardura bat ere egin dute txostengileek: ondorioak pairatzen ari diren gehienek ez dira izan klima-aldaketaren eragile nagusiak. Hain zuzen, orain dela gutxi arte industrializatu gabeko herrialdeetako biztanleak ari dira jasaten klima-aldaketaren ondorio latzenak.
Datuak bildu eta ondorioak atera ez ezik, klima-aldaketari galga jartzeko gomendioak ere eman ditu IPCCk. Xedea: industrializazioa hasi aurretik baino 2 °C gehiagoko tenperatura izatea munduan, XXI. mendearen amaieran. Horretarako, berotegi-gasen isuriak % 40-70 jaitsi beharko lirateke 2050erako, eta % 100 2100erako. Hori lortzeko, neurriak maila guztietakoak izan behar dutela diote, hau da lekuan lekukoetatik globaletara, eta bi eratakoak, egoerara egokitzea bilatzen dutenak eta isuriak apaltzeko helburua dutenak.
Dena dela, gomendioen artean ez dute aipatu populazioaren hazkundea geldiarazi behar denik ez antzekorik. Horrenbestez, Moraren ikuspegiarekin bat egiten dutenentzat, oso litekeena da IPCCren gomendioak ez izatea nahikoak klima-aldaketari aurre egiteko.
Gutxiago izatea, soluzio?
Baina, aurreko guztia kontuan izanda, errealista da populazioa mugatzeko neurriak eskatzea? Ezezkoan dago Ibon Galarraga, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroko zuzendariordea. Superpopulazioa klima-aldaketan eragiten duen faktore nagusietako bat dela onartuta ere, zalantza asko sortzen dizkio populazioa txikitzeko politikak ezartzeko aukerak: “Ez zait errealista iruditzen, eta, gainera, etikoki ere ez da onargarria. Zer egin behar dugu: garatze-bidean dauden herrialdeetako biztanleei haur bakarra izan dezatela eskatu, Txinak bezala? Edo afrikarrei esan behar diegu ez inbertitzeko osasunean? XIX. mendetik dakigu, Malthusen eskutik, populazio-hazkundea garapenerako arazo bat izan daitekeela baina orain arte hazkunde hori gelditzeko martxan jarritako politika orok porrot egin dute”.
Are gehiago, PNAS aldizkarian duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, populazioa gutxitzea ez da irtenbide eraginkorra ingurumen-arazoak konpontzeko. Adelaida Unibertsitateko ikertzaileek plazaratu duten ikerketa hori (Human population reduction is not a quick fix for environmental problems), eta, haien esanean, bost eratakoak dira gizakiak ingurumenean eragindako kalteak: lurzorua eraldatzea, nekazaritzaren, basogintzaren eta hirigintzaren bidez; ehiza eta arrantzan; espezie arrotzak sartzea; poluzioa eta klima-aldaketa. Eta horiei guztiei, haien arteko elkarrekintza gehitu diete.
Diotenez, agerikoa da ingurumenaren gaineko presioa apaldu egingo litzatekeela populazioa txikiagoa izanez gero, eta ezinbestekotzat jo dute azterketa kritikoa egitea, populazioaren neurria egonkortzeko asmoz. Ikertzaileen ustez, ez dago esaterik zein den neurri egokiena, aurrerapen teknologikoen eta soziologikoen mende baitago, baina, Morak bezala, uste dute superpopulazioari ezikusia egiten zaiola eta orain arte proposatu izan diren neurriek kale egin dutela.
Horiek horrela, 2100. urtean populazioak izango zukeen neurria kalkulatu dute, egoera desberdinen arabera. Esaterako, ume bakarreko politika ezarriz gero mundu osoan, 2100. urtean populazioa oraingoaren antzekoa izango litzateke, heriotza-tasak orain arteko joerari eutsiko balio. Eta mendearen erdialdean hondamendi bat gertatu, eta 5 urtean 2.000 milioi pertsona hilko balira ere, mendearen bukaeran 8.500 milioikoa izango litzateke populazioa.
Alegia, ez muturreko familia-plangintza ez hondamendi bat ez lirateke eraginkorrak izango populazioa txikitzeko. Horrenbestez, ingurumenaren mesedetan, bestelako neurriak hartzea aproposagoa dela ondorioztatu dute. Horien artean daude aztarna ekologikoa ahalik eta gehien txikitzea, berrikuntza teknologikoen eta sozialen bidez; ekosistemak eta espezieak babesteko bide argiak diseinatzea; kontsumoa gutxitzea; eta populazioaren neurria epe luzeko auzi gisa tratatzea.
Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute horrek guztiak ez duela aitzakia izan behar ugalkortasuna txikitzen ez ahalegintzeko: “Horrela, mendearen erdialderako milioika heriotza saihets daitezke, eta, seguru asko, bizitzeko planeta egokiago bat geratuko zaio Homo sapiens-ari”.