Gazan aritutako osasun-langileek Israelek eragindako sarraskia dokumentatu dute BMJ aldizkarian

Gazan aritutako osasun-langileek Israelek eragindako sarraskia dokumentatu dute BMJ aldizkarian


2024 abuztuaren eta 2025eko otsailaren artean Gazan zeuden 78 osasun-langileren lekukotzak jaso ditu nazioarteko talde batek. Haien bidez, Israelen erasoek populazio zibilean eragindako lesioen ereduak dokumentatu dituzte. Guztira, osasun-zerbitzuetara bizirik iristea lortu zutenen artean, 23.000 lesio traumatiko baino gehiago zenbatu dituzte, batez ere, politraumatismoak, erredurak, anputazioak eta zauriak garezurrean; eta ia 7.000 zuzenean armek eragindakoak ziren. 

British Medical Journal aldizkarian eman dute horren berri. Azaldu dutenez, lesiorik ohikoenak erredurak izan ziren, eta jarraian datoz hanketako eta besoetako lesioak. Armek eragindako kalteen artean, gehienak leherketen bidezkoak izan ziren, eta, bereziki, buruan zauritu zituzten. Aldiz, suzko armen bidezko lesioak hanketan izan ziren, batez ere. Osotara, herritarrak jasaten ari diren erasoen krudelkeria erakusten dute.

Zuzenean jasandako lesioez gain, bestelako kalteak ere aipatu dituzte osasun-langileek: infekzioak, gaixotasun kronikoak, desnutrizioa eta trauma psikologikoak, besteak beste. Hain zuzen, aldizkari berak, uztailean, World Peace Fundation erakundeko zuzendari Alex de Waalen (Munduko Bakea Fundazioa, Tufts Unibertsitatekoa) idatzi bat argitaratu zuen, non ohartarazi baitzuen muturreko gosetea bizi osorako zigorra dela eta ondorio iraunkorrak uzten dituela.

Orain argitaratu den ikerketak parekoen berrikuspena izan du, baina, nahitaez, baditu mugak: batetik, aldi horretako eta Gazako toki jakin batzuetako datuak bakarrik jasotzen ditu; eta, bestetik, langileek berek jasotako datuak dira. Hortaz, litekeena da txostena ez izatea guztiz osatua, ezta erabat zuzena ere. Hala ere, metodologia zorrotza erabili dute; adibidez, isuriak eragozteko, langile palestinarrek ez dute parte hartu ikerketan. Hortaz, informazioa eskuratzeko dauden zailtasunak aintzat hartuta, argitaratutako lana oso baliagarria da Israelen erasoek herritarretan eragiten ari den kalteen neurria ezagutzeko.

Gazan bizirauleek jasandako lesioei buruzko artikuluari lotuta, editorial eta iruzkin-artikulu bana ere argitaratu ditu BMJ aldizkariak. Batez ere, testuinguruan jartzen dituzte emandako datuak. Besteak beste, bi ondorio hauek azpimarratu dituzte: batetik, herritarren lesioak militarrek beste gerra batzuetan izaten dituztenen parekoak dira, eta, bestetik, osasun-langileak ere Israelen erasoen jomuga dira.

 

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna