}

Gaur egungo Elhuyar

1997/11/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elhuyar Kultur Elkartearen 25 urteko historiaren ibilbidean barrena, azken muturrera, oraindik historia ez denera, iritsiak gara. Zer da, bada, Elhuyar Kultur Elkartea gaur? Historiak ekarri gaitu une honetara eta, historia horretan, barne-faktoreek —Elhuyarko kideen eta laguntzaileen ahaleginek, nahiek eta ezinek— eta kanpo-faktoreek —euskararen bilakabidearen eta Euskal Herriaren egoera kultural eta politikoaren gora-beherek, argiek eta itzalek— bilbatu eta ehundu dute gaur egungo Elhuyarren iharduera.
10 urteko esperientzian bermatzen da softwarea.

Hotz-hotzean eta produkzioari begira, Elhuyar euskalgintzaren arloko zerbitzu-enpresa dela esan behar da, inoiz baino profesionalagoa. Garai bateko militantismoa bigarren mailan dago gaur egun, eraginkortasunak agintzen baitu, baina, bigarren mailan egonik ere, militantismoa ez da itzali, hori gabe Elhuyarrek ezin izango baitzukeen zenbait lan aurrera atera. Berebat, euskararen normalizazioaren aldeko militante-izaera hori gabe nekez helduko zien euskaldun gizartearentzat interesgarriak diren baina bideragarritasun ekonomiko guztiz zalantzazkoa duten edo ekonomikoki onurarik ez eta bai diru-galera etengabe sortzen dizkioten zenbait lani. Koordenatu horien barnean aztertu eta aurkeztu behar da Elhuyar Kultur Elkartearen gaur egungo iharduera-multzoa.

Euskalgintzaren arloko zerbitzu-enpresa da, beraz, Elhuyar eta lau sail nagusitan ari da gaur egun:

A) Irakaskuntzaren munduko materialen produkzioa eta irakasleen prestakuntza

Hauxe izan da Elhuyarren hasiera-hasieratik iharduera-lerro garrantzitsua eta gaur egun ere hala da. Arlo hau, dena den, zenbait azpisailetan banatuta dago:

A.1- Testuliburuak

200 liburutik gora argitaratuak ditu Elhuyarrek, zientzia eta teknologiaren arlokoak gehienak eta bide-urratzaile izan da, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua errentagarritasunaren “masa kritikora” iritsi denean lehiakideak ere iritsi dira —normalizazio-seinalea nolabait— eta Elhuyarrek ez du bere burua prestatu borroka-leku horretan lehiatzeko edo, bestela esateko, beste lehentasun batzuek gidatuta ibili da. Ondorioz, testuliburuen produkzioak ez du, gaur egun, historikoki izan duen pisua. Ez da txikia horratik. Azken aldi honetan batez beste beste hamar testuliburu argitaratzen ditu Elhuyarrek urtean, Batxilergo, Lanbide Heziketa zein Unibertsitatekoak. Gainera, Hezkuntzaren Erreformak berekin ekarri dituen eskakizun berriei erantzun ahal izateko prestatzeak Elkartearen helburu izaten segituko du.

A.2- Irakaskuntzarako material osagarria

Goiko argazkian, Andres Arizkorreta CAFeko Zuzendaria sari-banaketan. Behekoan, ezkerretik hasita, Andres Arizkorreta, Jose Angel Ugarte, Maria Luisa Aizpuru eta Jabi Duoandikoetxea.
I. Nogeras

Testuliburugintzatik abiaturik, pixkanaka bereiziz eta gorpuztuz joan da eta, egun, hari nagusitu egin zaio. Bi adar ditu azpisail honek:

A.2.1- Irakaskuntzarako softwarea

10 urteko esperientzia du honetan Elhuyarrek; bide-urratzailea izan da eta, gaur egun euskarazko software-ekoizle nagusietakoa da. Gainera, arlo hau indartuz joan da poliki-poliki eta 1995etik aurrera lortu ditu emaitzarik biribilenak, CD-ROM euskarriko produktuekin ( Ezagutu Gipuzkoa, Euskal Herriko Fauna, Euskal Herria Multimedia Entziklopedia, batzuk aipatzearren). Informazioaren teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa dute irakaskuntzan eta bide horretan euskara gainerako hizkuntzen pare egon dadin ahalegintzen da Elhuyar.

A.2.2- Bideogintza

Bideogintzan kalitatearen bidetik.

Hasieratik ulertu eta erabaki zuen Elhuyarrek kalitatearen bidetik joan behar zuela eta horrek, bideogintzan, nork bere produktuak egin nahi izanez gero, inbertsio ikaragarriak eskatzen ditu, merkatua oso urria den bitartean. Horregatik, munduan dauden kalitate handiko bideo-produktuak euskaratu eta bikoizteari ekin zion, eskoletan bideo onak euskaraz ere egon daitezen. Ahalegin horretan kokatzen da Erresuma Batuko BBC etxearen bideoak euskaraz produzitzea. Koalitatiboki garrantzitsua izanagatik, azpisail hau Elhuyarren produkzioan koantitatiboki txikia dela adierazi behar da.

A.3- Irakasleen prestakuntza

Irakasleak prestatu eta gaitzeko ikastaroak antolatu ditu Elhuyarrek eta beste erakundeek (UEU, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, HABE, etab.ek) antolatutako ikastaroetan eskolak ematen ditu.

B) Hiztegiak eta entziklopediak

Elhuyarren iharduera berrienetakoa da eta azken urte hauetan elkartearen kalitate-ikur bilakatu da. 90eko hamarkadan sortu eta garatu da sail hau eta produktu garrantzitsuak kaleratu ditu eta kaleratzen ari da ( Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa, Euskal Hiztegi Modernoa, Euskara-gaztelania / Castellano-euskara Hiztegia, Ikaslearen Hiztegia ). Pertsonal- eta ordu-inbertsio garrantzitsuak egin ditu Elhuyarrek sail honetan; datu-baseak etengabe eguneratu eta hobetu behar dira eta horretan lanordu asko joaten dira, baina emaitza pozgarria da: urte gutxitan, hiztegigintzan erreferentzia garrantzitsu bilakatu da Elhuyar.

Garai berriek, bestalde, kontsulta-materialak gero eta eskuragarriago edukitzeko aukera franko dakartzate eta horietaz baliatu da Elhuyar kontsulta-bideak errazteko. Horrela, paperean nahiz CD-ROM euskarrian lantzen ditugu gure produktuak, teknologiaren baliabideak erabiltzaileen zerbitzura jarriz.

Hiztegien eta entziklopedien iharduera elkartearen kalitate-ikur bilakatu da.

Hiztegiak eta entziklopediak egitea ez da lan xamurra izaten. Gaur gaurkoz konpondu gabe dauden arazo askoren aurrean gure iritzia eman eta proposamenak egin behar izan ditugu. Etorkizunerako prestatzen ari da gure hizkuntza eta Elhuyar du langintza horretan lagun. Iharduera honetan aholkulariak eta laguntzaileak funtsezkoak dira hizkuntzaren inguruan dauden sentikortasun desberdinak jaso nahi badira. Elhuyarrentzat zorte handia ez ezik, ohore bat ere izan da gure obren inguruan elkartu diren aholkularien lana gertutik ezagutu ahal izatea.

C) Zientziaren dibulgazioa

Zalantzarik gabe, Elhuyarren iharduera zaharrena da hauxe, gainerako arloen gibelean hastapenetatik egon baita beti dibulgazio-helburua. Taldearen lehen agerkaritik hasi eta gaur egungo aldizkariraino, euskara garbi eta ulerterrazaz eman die euskaldunei Elhuyarrek zientziaren aurrerapideez jabetzeko aukera.

Gaur egun hilabetekaria den Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkaria da arlo honetako produktu nagusia eta, neurri handi batean, Elhuyarren bandera-untzia. Ez da hori, alabaina, dibulgazioari eskainitako zabalgune bakarra. Aldizkariaren beraren itzalean hedatuz eta gorpuztuz joan da dibulgazioa helburu duen zerbitzua, 1994. urteaz geroztik nortasun propioz funtzionatzen duen ZETIAZ zerbitzua. Zientziaren berri-agentzia bezala sortu bazen ere, gaur egun hori baino gehiago da: era askotako zerbitzuak eskaintzen dizkie komunikabideei eta zientzi ekoizleei.

Ezin ahaztu irakasleak.

Euskal Herriko komunikabideei zientziaren inguruko informazioa modu xamurrean eskaintzen die ZETIAZek; noizbehinkako kolaborazioak egiten ditugu ia komunikabide guztietan ( Euskaldunon Egunkaria, Argia, Herri Irratia, Bizkaia Irratia... ) eta aurten bigarren urtez Elhuyarrek oso-osorik ekoiztutako Norteko Ferrokarrilla , ordu beteko irratsaioa egiten ari gara Euskadi Irratian. Euskaraz egiten den zientziaren dibulgazioak ez du sekula izan gaur egun duen agerpen-maila eta oraindik zeregin handia badago ere, Elhuyar erreferentzia dela ukaezina da.

Zientzia gizarteratzeko asmoz, bestalde, institutu, eskola edo kultur etxe askotara ere heldu da Elhuyar. Hitzaldiak emanez, jendeari osasuna, natura, ekologia, teknologia edo zientziaren inguruko gaiak modu ulergarrian eskaintzen zaizkio. Elhuyarrek kudeatzen duen hizlari-sare hori gure kolaboratzaileek osatua da nagusiki; urte hauetan guztietan gure proiektura arrimatu diren kolaboratzaile eta lagun horiek gabe nekez iritsiko zen gaur egungo Elhuyar 25 urte betetzera.

Euskara-gaztelania/Castellano-vasco Hiztegiaren aurkezpen eguna (1996ko apirila). Ezkerretik eskuinera: Inaki Irazabalbeitia, Miren Azkarate, Xabier Mendiguren eta Antton Gurrutxaga. (I. Nogeras).

Izan ere, euskara bera bezala, idazleak eta hizlariak ere trebatzen joan dira Elhuyarrekin batera. Aldizkariak agerleku aproposa eskaini die idazleei, bere gaiak lehen aldiz euskaraz azaltzeko bidea eginez kasu askotan. Lan horren emaitzarik ikusgarriena Beasaingo CAF enpresarekin batera urtero antolatzen diren Zientzi Dibulgaziorako Sariak dira, urtetik urtera oihartzun zabalagoa lortzen ari direnak.

Iharduera hauek guztiek nortasun berezia eman diote taldeari. Dibulgazioan eta komunikazioan eskarmentu handia hartu du Elhuyarrek eta orain beste erakundeen esku jartzeko moduan dago. Horrela, Madrilgo Comisión Interministerial de Ciencia y Tecnología (CICYT) erakundeak onetsita, Euskal Herriko hiru ikerketa- eta teknologi zentroren lana ezagutarazteko proiektua martxan dugu aurten. Halaber, CICYTek berak aitortu dio arestian aipatu dugun Norteko Ferrokarrilla irratsaioari bere balio dibulgatiboa.

D) Euskara lan-munduan txertatzeko langintza

Hona hemen dibulgazioaren ibilbidean kaleratu diren produktuetako batzuk.

Arlo honetan bide-urratzaile izan da Elhuyar eta hala da gaur egun ere. Eusko Jaurlaritzarekin 1991-96 bitartean hitzarmen baten bidez landu du arlo hau eta bere aldetik ere beste lan asko egin ditu. Urteetan metatutako esperientziak eta malgutasunak egoera berrietara moldatzeko eta zabaltzeko aukera ematen dio eta, ondorioz, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu arlo konplexu honetan: enpresetako hizkuntz aholkularitza hutsetik hasi —euskara enpresako lan-hizkuntza bihurtzeko planaren bideragarritasun-azterketak adibidez— eta handik aurrerako zerbitzu guztiak hartzeraino, hau da, enpresa-mailako edo enpresaren sail bateko hizkuntz mikroplangintzak diseinatzea, plan horiek gauzatzea eta horretarako behar diren materialak sortzea eta baliabideak jartzea, plan horien gaineko kontrol eta ebaluazioa eta plana gauzatu ondorengo jarraipena eta lan puntualak egitea. Iharduera ekonomikoa banatzen den hiru oinarrizko sektoreetako enpresetan lan egin du eta bere metodologia sortu eta garatu du pixkanaka. Langintza honetan erakunde askorekin ditu harremanak (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza, Gipuzkoako Diputazioa, HABE, etab.) eta arlo honetan emaitzek bermatzen dute lanaren balioa.

E) Kanporako hizkuntz zerbitzuak

Hemen sartzen dira Elhuyarren baliabideak erabiliz kanpoko erakunde eta enpresentzat burutzen diren lanak, euskararen ingurukoak ia beti:

E.1- Itzulpena

Itzulpen-zerbitzua eta lexikografia-zerbitzua (baita zenbait arlotako terminologi zerbitzua ere) eskaintzen du Elhuyarrek, batez ere zientziaren eta teknologiaren inguruko itzulpen teknikoen arloan, eskarmentu handikoa, eta erakunde publiko (Administrazioak, Unibertsitatea, ...) eta pribatuak (enpresak, argitaletxeak, ...) ditu bezero.

E.2- Komunikazio-zerbitzuak

Komunikazio-zerbitzuak areagotzen ari dira Elhuyarren. Argazkian aurten EUEri arlo honetan eskaini zaion prentsa-bulegoa osatu deten kideak ikus daitezke.

Publizitate-kanpainak (prentsa-bulego zerbitzua), euskararekin zerikusia duten edo zientzia eta teknologiari lotutako iharduerak edo produktuak gizarteratzeko planak, informazio-arlo jakin bati buruzko informazio-orriak edo -aldizkariak (erredakzioa, ilustrazioa eta maketazioa barne direla) eta antzeko zerbitzuak eskaintzen ditu Elhuyarrek.

Aurreko lerroek erakusten dutenez, Elhuyarren lan-eremua zabala da oso, eta aldakorra ere bai, ardatz nagusi batzuk baditu ere. Ideia-fabrika edo -arragoa da Elhuyar, han eta hemen beharrak edo iharduera-lerroak detektatu, elkartetik bertatik detektatuak nahiz kolaboratzaileek proposatuak, eta proiektu asko diseinatzen ditu. Asko gauzatu egin dira eta beste batzuk, biziki interesgarriak izanagatik, tiraderan gordeta daude, ekonomikoki bideragarri egingo dituen modua edo unea noiz iritsiko. Izan ere, ez baita nahikoa proiektu onak izatea, proiektu horiek euskalgintzarako interesgarriak izatea eta haiek gauzatu ahal izateko gaitasun teknikoa izatea; Elhuyarren lan-eremuko esparru asko ekonomikoki defizitarioak dira, euskal mundua txikia baita, baina euskarak, biziko bada, behar ditu horiek ere. Horixe da Elhuyar etengabe mehatxatzen eta, maizegi, bilurtzen duen arazoa, askotan nahiaren eta ezinaren artean harrapatuta egote horrek etsia hartzera bultzatzen baitu.

Horiek dira, hogeita bost urte bete dituen honetan, Elhuyarren argiak eta itzalak. Atzera begira pozarren begiratzen du, aurrean duen bide malkartsuari gogotsu baina kezkati so egiten dion bitartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia