}

Gauez ikusteko, DNA berregituratua

2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gauez ikusteko, DNA berregituratua
2009/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Alan Van Ryzin)

Ugaztun gautarren begietako makilek DNA modu berezi batean dute antolatua, eta horrek aukera ematen die gauez errazago ikusteko. Ondorio horretara iritsi dira Municheko Ludwig-Maximilians Unibertsitateko biologo nuklear batzuk, 40 ugaztunen erretinak aztertuta.

Zehazki, ikusi dute kromatina --kromosometan antolatzeko DNAk proteina jakin batzuekin eratzen duen egitura berezia-- ezberdin banatzen dela begietako makiletan eta gainerako zeluletan. Normalean, heterokromatina, jarduerarik gabeko DNA-zati paketatua, nukleoaren ertzean kokatzen da, eta eukromatina, hain paketatuta ez dagoena eta aktibo dagoena, nukleoaren barrualdean. Ugaztun gautarren makiletan, berriz, heterokromatina nukleoaren barruraldera sartzen da, eta DNAren transkripzioa nukleoaren ertzean gertatzen da batez ere.

Ikertzaileek ikusi dute heterokromatina nukleoaren barruan dagoenean askoz argi gutxiago barreiatzen dutela zelulek. Nolabait, lente konbergenteen gisara aritzen dira zelulok, eta argia fokatzen dute. Horri esker, animalia gautarrek probetxu handiagoa ateratzen diete begietara iristen zaizkien fotoi gutxiei.

1
255
2009
7
007
Zoologia; Genetika
Albisteak
9

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia