}

Gaueko enuresia

1992/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaurko honetan umeen gaueko enuresiaz arituko gara. Alegia, pertsona helduengan, arrazoi bategatik nahiz besteagatik, gerta daitezkeen inkontinentziak edo gernu-ihesak, eta umeek egunez pixa egiteari eusteko dituzten arazoak bazterrera utziko ditugu.

Arrazoia alterazio graberen bat ez bada, normalean enuresia desagertu egiten da.

Beraz, umeek gauez izan ohi duten arazoa da gure gaurko gaia. Gaueko enuresia nahikoa usu gertatzen da: 5 urterekin, umeen % 10-15ek jasaten dute, eta frekuentzia txikiagotu egiten da adina igo ahala, adoleszentzian % 1ekoa izanik (15 urteko gazteetan). Eta arrazoia alterazio graberen bat ez bada, normalean enuresia desagertu egiten da eta oso kasu arraroak dira pertsona helduengan ikus daitezkeenak.

Zeri deitzen zaio, bada, enuresia? 4-5 urtetik aurrerako umeen pix-egite errepikatu eta borondateak kontrolatzen ez duenari; adin horretan umerik gehienek nahikoa ongi kontrolatzen baitute funtzio hori. Kasuen % 80tan enuresia gauez soilik agertzen da, umea lo dagoen bitartean.

Bi enuresi-mota daude: primarioa eta sekundarioa. Enuresi primarioan, umea ez da inoiz mikzioa kontrolatzeko gai izaten. Sekundarioan, ordea, pix-egitea behar bezala kontrolatuta, denboraldi baten ondotik umea mikzioa ez kontrolatzen hasten da.

Enuresia arrazoi organikoengatik sortua izan daiteke: uretrako edota maskuriko malformazioagatik, edota trastorno neurologiko edo muskularrengatik. Edo baita zenbait gaixotasunen ondorioz agertu ere (diabete edo gernu-infekzioren bategatik. Horregatik medikuak zenbait kasutan gernu-analisiak eska ditzake, horiek baztertzearren). Hala ere, kasurik gehienetan jatorria arazo psikikoekin dago lotuta. Ume enuretikoak arazo afektiboak eduki ohi ditu familian, eta kasu batzuetan enuresia bere gurasoen kontrako jarrera moduko bat izaten da, inkontzientea izanik ere. Kasu horietan tratamendu psikologikoa komeni daiteke, oinarriko arazoa konpontzearren.

Beste askotan, enuresia anai-arrebatxoa jaio ondoren agertuko da. Familiako atentzio eta arreta osoa jaioberriari eskaintzen zaionez, umeak bere “protesta” horrela azaltzen du: erregresioa gertatzen da, umeak atzerantz egiten du, txikiagoa zenean jasotzen zituen mimoak eta ardurak jaso asmoz. Garrantzi handia du umearen premia afektibo horiek betetzeak, anai-arrebatxo berria etortzea gauza ona dela uler dezan saiatuz, eta bere gurasoen maitasuna ez diela lapurtzen segurtatuz. Hala ere enuresiak segitzen badu, pediatrarengana jotzea komeni da, eta behar izanez gero, baita psikologoarengana ere.

Gurasoek umeari eskain diezaioketen laguntzarik handiena ulertu eta pazientzia edukitzea da. Ohea bustitzea eragozpena izan daiteke gurasoentzat, gauez hura aldatzera jaiki behar badute, baina umearentzat ere lotsa pasarazteko modukoa da, bere anai-arreba handiagoen edo ikaskideen burla eta isekak jasan behar baldin baditu.

Noiz hasi umea orinalean esertzen? 18 hilabeterekin gutxi gorabehera. Hori da adinik egokiena. Kontutan hartu behar da, dena den, ume batzuetatik besteetara desberdintasun handiak egon daitezkeela. 12 hilabetetik aurrera umeak pixa egin aurretik keinu edo postura bereziak hartzen baditu, komeni da orinalean jartzea eta pixa barrura egiten badu, zure poza erakuts iezaiozu.

Askotan, gainera, bada aurrez familian arazoa izateko joera. Enuresia duten ume askoren kasuan, gurasoren batek (aitak, amak) edota hurbileko senideren batek ere jasan izan du egoera bera. Inkesta zabalek diotenez, bi gurasoek haurtzaroan enuresia eduki dutenean, seme-alaben % 70ek ere edukiko omen dute. Gurasoetako batek bakarrik eduki duenean, ordea, % 40tan soilik erasaten die seme-alabei.

Tratamenduari dagokionez, kausa sortzailea segun eta zein den, halakoa izango da tratamendua. Arrazoi organikoa baldin bada, gaixotasuna tratatu beharko da. Enuresiak, jatorri psikikoa badu, berriz, psikoterapia mesedegarri gerta daiteke. Zenbait kasutan eraginkorra izaten da ohean ezartzen den gailu berezi bat; oheko arropa (maindireak, pijama, etab.) bustitzen direnean alarma bat pizten da, umea esnaraziz.

Dena den, zenbait aholku praktiko ere kontutan har daiteke:

  1. Umeak bainu-gelara garaiz iritsi behar badu, komeni da oso urruti ez lo egitea eta ohetik jaikitzean beldurtu ez dadin gauean argi egokia piztuta uztea. Ohe azpian orinalen bat uztea ere komeni da.
  2. Askotan arazoa desagertu egiten da umeak ohera joan baino 1 eta 2 ordu lehenagotik likidorik hartzen ez badu, giltzurrunek gernu gutxiago sortzen dutelako, eta, beraz, maskuria polikiago betetzen delako. Dena den, udan edo haurrak sukarra duenean gehiago izerdituko da, eta ur gehiago galduko du. Kasu horietan, arriskutsua izan daiteke likido gutxiegi ahoratzea. Bestetik, komeni da gurasoak ohera doazenean umea, pix-egin dezan, komunera eramatea ere.
  3. Umea entrena daiteke egunez pixari eutsi diezaion, minutu bat edo bi besterik ez bada ere agoanta dezan bultzatuz. Horrela maskuria zabaldu egiten da eta bere gordetze-ahalmena handiagotu, gaueko kontrola ere horrela hobeagotuz. Garai horretan, umeak egun osoan ur ugari edatea komeni da.
Gaur egungo gailu gehienak umearen arropari (pijaman) lotzen zaizkio, eta miniaturako alarma batek jotzen du nahigabeko pix-egitea gertatuz gero.

Neurri horiekin arrakastarik lortzen ez bada, medikuaren laguntza beharko dugu. Badira sarritan sari-grafiko batekin konbinatzen diren botika batzuk (imigranina, amitriptilina, etab.). Umeak lehor esnatu den gau bakoitzeko izartxo bat edo zeinu bat markatuko du, eta horrela jasoko dituen txaloak (eta “saritxoak”) sustagarri gertatuko zaizkio.

Edota umeari aparatu bat jartzen zaio. Arropak bustitzen hasten direnean tinbre batek jotzen du, umea esnatu egiten da, komunera joan, pixa egitea bukatuko du eta behar izanez gero maindireak aldatu egingo ditu, berriro oheratu aurretik alarma jarriz.

Horrelako alarmak seguruak dira 8 urtetik gorako umeengan, eta segurtasun-neurri ofizial guztiak bete behar dituzte. Metodo gogor samarra iruditu arren, gaueko enuresia sendatzeko askotan oso eraginkorrak izaten dira.

Iradokizunak gurasoentzat, enuresiaren tratamenduan medikuaren lankide gisa ari daitezen

  1. Ez utzi inoiz irrigarri seme-alaba enuretikoa. Ezta zigortu ere “ohea bustitzeagatik”. Aitzitik, adore eman eta zuen maitasuna agertu. Pentsa ezazue enuresia nahigabekoa dela eta umeak horregatik sufritu egiten duela. Eta arazoa konpondu egin nahi duela, baina hori erdiestea ez dagoela bere esku.
  2. Arratsalde erditik aurrera, saia zaitezte umeari likido-kopuru gehiegirik ez ematen.
  3. Oheratu baino lehen, umeak pixa egin dezan saiatu.
  4. Medikuaren aginduak eta hark errezetaturiko botiken dosiak zuzen eta zorrotz bete.
  5. Gomenda iezaiozue zuen seme edo alabari egunean zehar pixa ahalik eta denbora gehien eutsi dezan, gehiegikeriarik egin gabe, noski. Horrela mikzioa kontrolatzeko ariketak egingo ditu, eta bere arazoaz gehiago konturatuko da.
  6. Inola ere, inoiz ez erakutsi dezepzio edo nahigaberik seme edo alabaren aurrean gauzak behar bezala ez doazelako edota enuresia berriz agertu delako.

Kontutan hartu gaueko enuresia ez dela egun batean konpontzen.

Oharra: Taula hauek ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia