}

Gas toxikoaren ondorio larriak

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Indiako Bopal herrian, duela hamabi urte, kimikako fabrika batek sortu zuen desmasiak jaioberrien artean eragin duen kaltea ikertu nahi dute.

Indiako Bopal herrian duela hamabi urte kimikako fabrika batek desmasia larria sorrarazi zuen. Metil isozianato gaseko 40 tona isuri ziren eta hurrengo egunetan bi mila pertsona hil ziren. Gaur egun, bizirik iraun zuten 50.000 herritarrek osasun-arazoak dituzte gasaren erruz. Eta ikertzaile-talde batek aitortzen duenez, urte hauetan bertako biztanleek jaso duten medikuntza-arreta ez da egokiena izan.

Nazioarteko Medikuntza-Batzordeak argitaratu berri duen lanaren arabera, kaltetuei eman zaizkien drogek ez dute batere lagundu. Medikuntza-praktika onartezinak egin direla dio komisioak. Egoerarik kezkagarriena arnasaparatuko gaixotasunak, eta bereziki birikak kalteturik, dituztenena da.

Dena dela, gasak sorrarazi dituen eta eragin ditzakeen ondorioak ezagutzea ez da batere erraza. Kalteak zeintzuk diren ez dago batere argi, baina efektu neurologikoez eta beste gaixotasun batzuez ere hitz egiten hasi dira komisiokoak. Egoera honen aurrean, ikerketa sakon bat egin nahi da jaioberrien osasun-egoera zein den jakiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia