Gas-hodeiak bai, izar berririk ez
2009/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Argitu dute zerk eragiten duen hainbat gas-hodeitan izarrik ez sortzea
Harvard-Smithsonian Astrofisika Zentroko ikertzaile-talde baten arabera, unibertsoko hauts- eta gas-hodeietako molekuletan dauden atomo kargadunek eragiten dute horrelako hodei guztietan izarrik ez sortzea.
Unibertsoan nonahi daude hautsezko eta gasezko hodeiak, eta hodei horiek kondentsatuta sortzen dira izarrak, grabitate-indarraren eraginez. Behaketek, ordea, erakusten dute oso ehuneko txikian sortzen direla izarrak. Horrek adierazten du beste indarren batek egon behar duela grabitatearen eragina indargabetzeko.
Astrofisikariek bi aukera proposatu izan dituzte hori azaltzeko. Batzuen ustez, hodeietako molekuletako atomo kargadunek eremu magnetikoak eratzen dituzte, eta horiek egiten diote aurre grabitateari. Beste ikertzaile batzuek, berriz, uste dute hodeietan egoten diren turbulentziak direla horren eragileak. Haizeak lurreko hostoak eta hautsa harrotzen dituen bezala, hauts-hodeietako turbulentziek nahasi egingo lituzkete hauts-partikulak, eta, hala, kondentsatzea eragotziko liekete.
Orain arte, ordea, inork ez zuen bi ideia horietako bakar bat berresteko frogarik. Harvard-Smithsonian Astrofisika Zentroko ikertzaileek aurkitu dute froga bat, lehenengoaren alde. Zehazki, argi polarizatuaren igorpena aztertu dute hainbat hodeitako eremu dentsoetan. Ikusi dute eremu horietan igortzen den argi polarizatua lerrokatuta dagoela hodei guztian igortzen den argi polarizatuarekin. Argi polarizatuaren portaerak iradokitzen du, ikertzaileen esanean, eremu magnetiko bat dagoela atzean, eta eremu magnetiko horren lerroen arabera lerrokatzen dela argia. Esan dutenez, gainera, turbulentziak nagusi balira, nekez agertuko lirateke lerrokatuta eremu magnetiko batzuk eta besteak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia