}

Garuneko aberatsen kluba

2011/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

garuneko-aberatsen-kluba
Irudian, neuronen arteko konexioak ageri dira; gorriz, konexio ugari dituzten eremuak, eta berdez, konexio gutxikoak. Arg. Van den Heuvel, et al. The Journal of Neuroscience 2011

"Aberatsen kluba", halaxe deitu diete Indiana Unibertsitateko eta Utrechteko Neurozientzia Institutuko neurologoek neuronen arteko konexio asko dituzten garuneko eremuei. Eremu horiek G8 taldearekin ere alderatu dituzte, neurriz kanpoko eragina baitute garunaren funtzionamenduan.

Hain zuzen ere, ikertzaileek 21 gizon-emakume osasuntsuen garunak aztertu dituzte, eta neuronen arteko konexioak irudikatu dituzte. Hala, ikusi dute hamabi gunetan beste eremuetan baino askoz konexio gehiago daudela. Gune horiek jokabide konplexuekin eta jarduera kognitiboekin lotuta daude, ez prozesu espezializatuekin (horien adibide dira ikusmena edo kontrol motorra). Eta gune horietan kalteren bat gertatzen bada, ondorioak oso larriak dira; kaltea horietatik kanpo gertatuz gero baino askoz ere handiagoak.

Ikerketa hori proiektu handiago baten zati bat da. Giza konektoma (human connectome) du izena proiektuak, eta neuronen arteko konexioen mapa osatzea du helburu.