}

Garun zalantzatiak itsutu egiten zaitu

2001/06/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gizakia bere garunaren menpe dago, eta hark uzten diona besterik ezin du ikusi. Garunak ikus-eremuko hainbat alderdi zergatik desagerrarazten dituen argitu dute ikertzaileek Nature zientzia-aldizkarian.

San Franciscoko Smith-Kettlewell Ikusmen Ikerketarako Institutuko Yoram Bonneh-ek eta bere taldekideek irudi berezi baten aurrean jendeak ikusten zuena aztertu zuten.Irudi horretan, zurrunbilo moduan etengabe mugitzen ziren puntu urdin askoren artean, puntu hori batzuk zeuden geldirik. Irudiari begiratu zioten gehienek puntu horiek dir-dir egiten zutela ikusi zuten. Halaber, puntu horien une bateko desagertzea ikusleen garunean besterik ez da gertatzen. (Proba egin nahi baduzu, sakatu hemen )

Dirudienez, garunak munduaren itxurari buruz eredu jakina du. Eredu hori eratzeko, zentzumenen bidez jasotako datu nahasien artean aukeraketa egiten du. Jasotako sentsazio horiek kontrajarriak direnean, batzuk alboratu egiten ditu.

Hori da, nonbait, mugimenduak eragindako itsutasunarekin gertatzen dena, hau da, garunak informazioaren alderdi bat alboratu egiten du. Ikertzaileen arabera, gauza bera gertatzen da eguneroko egoera askorekin, nahiz eta jendea ez konturatu horretaz. Esate baterako, gauez autobide batetan autoen argiei begira dagoenari, kaleko argi finko bat desagertu egiten dela irudituko zaio (ikerketan erabilitako irudian puntu horia desagertzen den bezala).

Jack Pettigrew neurologoaren ustean, desagertze-irudipen hori garuneko ezker eta eskuin-aldeen arteko borrokaren ondorioz gertatzen da.Garunean pultsu magnetikoa ezarriz, mugimenduak eragindako itsutasunean aldaketak gertatzen direla ikusi zuen. Pultsua eskuin-hemisferioan ezartzen bada, ezker-hemisferioak agintzen du, eta puntu horiak desagertu egiten dira. Aldiz, eskuin-hemisferioak aginduz gero (pultsu magnetikoa ezker-hemisferioan ezarrita), puntuak berriro agertzen dira.

Antza, ezker-hemisferioak munduari buruz duen ereduarekin bat ez datorren informazio sentsoriala baztertu egiten du. Eskuin-hemisferioak, berriz, mundua den bezalakoa ikusten du. Adibidez, eskuin-hemisferioa kaltetuta duten zenbait elbarrik beren paralisia ukatu egiten dute.

Ikertzaileen ustez, garuneko lobulu parietalean kokatzen da munduari buruzko eredua edo ikuspegia. Eremu hori kaltetuta duten gaixo batzuei gauzak ( adibidez, beren hankak) begi-bistatik desagertzen direla iruditzen zaie. Beste batzuek ezin dute une berean gauza bat baino gehiago antzeman. Mugimenduak eragindako itsutasunaren inguruan egindako ikerketak egoera horiek ulertzen laguntzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia