}

Garun txikia eta oin handiak, Floresko gizakiaren gaineko eztabaidaren protagonistak

2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Garun txikia eta oin handiak, Floresko gizakiaren gaineko eztabaidaren protagonistak
2009/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Djuna Ivereigh/ARKENAS)

Nature aldizkarian, bi ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte, baina adituek ez dituzte onartzen emaitza horiek guztiak

Paleontologoak ez daude ados Homo floresiensis gizakiaren jatorriari buruz. Zaila da jakiten hominido-espezie bat den edo beste espezie baten kasu desitxuratu bat. Eztabaida aspaldian piztu zen; azken datuak Nature aldizkariak argitaratu dituen bi artikulutatik datoz.

Batean, Londresko Historia Naturalaren Museoko ikertzaile batzuek Floresko gizakiaren garuna aztertu dute. Oso garun txikia da, ohiko gizakiarenaren herena, gutxi gorabehera. Horregatik, Londresko ikertzaileek antzeko beste kasu batekin konparatu dute, Madagaskarko hipopotamo nanoen kasuarekin. Berrogeita hamar hipopotamoren kaskezur fosiletatik, garunaren tamainaren eboluzioa aztertu dute. Hipopotamo nanoaren garunak bolumen handia galdu du azken 1.500 urteetan. Adituen ustez, horrek esan nahi du txikitze hori uharte batean isolatuta dauden beste espezie batzuetan ere gerta litekeela, Floresko gizakian kasu.

Beste artikulu baten egileek, New Yorkeko Stony Brook unibertsitatekoek, Floresko gizakiaren oinak hartu dituzte ikergai. Oso oin handiak dira, ibiltzeko egokiak baina ez korrika egiteko modukoak. Eta behatzek ere itxura berezia dute: erpurua beste behatzen paraleloa da, baina neurrian askoz txikiagoa. Ikertzaileek diote ez dagoela proportzio horretako oinak dituen beste hominidorik.

Artikulu horien emaitzak zalantzan jarri dituzte paleontologo batzuek, garunaren txikitzearen azalpena batez ere. Chicagoko Field Museoko Robert Martin biologoak esaten du hipopotamo nanoarena espezie bakar baten ikerketa dela, eta ez dela nahikoa gizakiarena azaltzeko. Beste aditu askok, berriz, esaten dute ez dela logikoa garun txiki baten jabeak tresnak egin ahal izatea.

Erantzunak DNAren azterketan egon daitezke, baina ez dute lortu orain arte eskuratu dituzten hezurretatik DNArik erauztea. Eztabaidak bizirik dirau.

1
255
2009
7
008
Paleontologia
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia