Garun-operazioetarako irudikatze-sistema berria
1998/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hemendik aurrera neurozirujauek operazioetan garunaren bat-bateko irudiak ikusi ahal izango dituzte tresna berri bati esker. Torontoko Ospitalean garatutako gailu hau Irudiz Gidatutako Inbasio Minimozko Terapia (IGIMT) izenaz bataiatu da, eta orain arteko makinetan bezala, erresonantzia magnetikoaren bidez lortzen ditu garunaren irudiak.
Bere abantaila handiena beste makinak baino askoz txikiagoa izatean datza, operazioetan erabili ahal izateko diseinaturik baitago.
Gaixoa erresonantziarako kameran sartu beharrean, IGIMT tresna gaixoaren buruaren inguruan ezartzen da kasko baten antzera eta operaziorako lekuan gelditzen da. Zirujauak, lanean ari den bitartean, eskaner batean jasotako irudiak ikus ditzake beste makinetan baino kalitate txarragoarekin baina bat-bateko irudiekin. IGIMT tresnak 1,5 teslako eremu magnetikoa du eta 10 milioi dolar balio ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia