}

Garbigarri bizidunak salgai

2011/02/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Korrosiboa, suharbera, ingurumenarentzat arriskutsua, narritagarria... Etxeko garbiketan erabiltzen ditugun produktuen etiketek gai kimikoek sor ditzaketen arriskuez ohartarazten dute, piktograma bidez. Horrelako produktuei alternatiba bat bilatu nahian, mikroorganismoak edo horien osagai batzuk dituzten garbigarriak garatu eta salgai jarri dituzte A B laboratorios de biotecnología enpresa arabarrean. 2003. urtean abiatutako ikerketa baten fruituak dira.
Etxeko garbiketan erabiltzen ditugun produktuen etiketek gai kimikoek sor ditzaketen arriskuez ohartarazten dute, piktograma bidez
Sergio

Prozesu edo produktu jakinak eratzeko sistema biologikoak, bizidunak edo bizidunetatik eratorritako osagaiak erabiltzea da, definizioz, bioteknologia. Bada, definizio horrek bete-betean deskribatzen ditu A B laboratorios de biotecnologían garatutako produktuak. Hain zuzen, bakterioak, onddo mikroskopikoak eta entzimak erabiltzen dituzte produktu garbigarriak sortzeko. Horrenbestez, produktuen etiketetan ez dago osagaien arriskuez ohartarazten duen piktogramarik, ez baitute horrelako osagairik.

Sagu- eta arratoi-pozoiak, eskularruen antzeko babesa ematen duen krema bat, libragailuak, desinfektatzaileak, ontzi-garbigailuak... asko dira bizidunak edo egitura biziak erabiliz garatu dituzten produktuak. Azken finean, bakterio eta onddo asko hondakin organikoez elikatzen dira, eta horixe da, hain zuzen, garbigarri industrial askoren egitekoa: leku jakin batean dauden hondakin organikoak garbitzea. Entzimak, bestalde, proteinak dira, eta bizidunen erreakzio kimiko gehienetan parte hartzen dute. Funtzio ugari izan ditzakete; besteak beste, molekula handiak hautsi ditzakete, eta, hala, bakterio eta onddoek erabiltzeko moduko osagai bihurtu.

Jasotzen dituzten laginetatik garbitzeko gaitasuna duten mikroorganismoak isolatzen dituzte
A B Laboratorios de biotecnología

Enpresan horrelako produktuak garatzeko ideiak Prestige petrolio-ontziaren istripua du jatorri, 2003an. Orduan izan zuen A Bk lehen kontaktua mikroorganismoekin. Prestige ontzia Kantauri itsasoan hondoratu zenean, petrolio ugari zabaldu zen itsasoan. "Isuri horietatik zenbait lagin hartu genituen, eta petrolioa degradatzeko mikroorganismoak bilatzen hasi ginen —dio A Bko Jon Kepa Izagirrek—. Azterketa horretatik asko ikasi dugu, eta, ikasitakoa garbiketari lotutako beste arlo batzuetan aplikatzen saiatzen gara".

Garbigarriak egiteko erabiltzen diren mikroorganismoak enpresaren laborategian aukeratzen dituzte. A Bko Iñigo Oyangurenek azaldu duenez, erabiltzen dituzten mikroorganismoak "naturan dauden mikroorganismoak dira. Guri lagin bat etortzen zaigu laborategira, —adibidez, lur-lagin bat edo usteldutako frutaren lagin bat—, eta lagin horretatik laborategian zenbait mikroorganismo isolatzen ditugu". Mikroorganismo-kulturak aztertuta, osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak baztertu, eta garbitzeko gaitasun handia dutenak aukeratzen dituzte.

A B Laboratorios de biotecnologían garatutako garbigarri bat. Entzimak dira haren osagai aktiboak
A B Laboratorios de biotecnología

Hala, "erabiltzeko seguruak dira, eta, gainera, ingurumenari kalte txikiagoa egiten diote", adierazi du Izagirrek. Uretako espezieek eta nekazaritzak kalteak jasan ohi dituzte detergente gehiegi erabiltzeagatik. Garbigarri bioteknologikoen mikroorganismoek, berriz, hazteko erabiltzen dituzte guk hondakintzat jotzen ditugun konposatuak, baita hustubidetik behera doazenean ere. Hortaz, ingurumenari egiten zaion kaltea hein batean txikitzen dela jotzen dute A B laboratorios-ekoek.

Ohiko garbigarrien aldean, dena den, garbigarri bioteknologikoek ez dute hainbesteko gaitasunik, eta ezin dira edozertarako erabili. "Izan ere, mikroorganismoak inguru jakinetan hazten dira. Horrenbestez, ez da erraza hainbat garbiketa egiteko gai diren garbigarriak erdiestea", azaldu du Izagirrek. Haren iritziz, garbigarriek "ibilbide laburra" dutelako gertatzen da hori. Hala ere, "asko hurbiltzen dira ohikoetara, eta gero eta erabilera gehiago dituzte".

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia